Euskal Herrian torturatu egin da Diktadura ostean

2024/01/05
Batzordeak 2022-2023ko ikasturteko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. 66 biktima aitortu dituzte; tartean dira 49 tortura kasu, eta Joxi Zabalaren eta Josu Mujikaren hilketak. Baliabide gehiago eskatu dituzte lanerako, eta orain arte izandako «zailtasun handiak» salatu.
Biktimak

Balorazio batzordeak 66 biktimari eman die aitortza, torturetan eta haren eraginetan indar eginda

Iosu Alberdi.
2023ko urriaren 30a
Berria

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak beste 66 biktima aitortu dituela jakinarazi du Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean eginiko agerraldian. 2022-2023ko kurtsoko txostenean jaso dituzten datuen arabera, besteak beste, torturak jasandako 49 laguni eman diete aitortza. Era berean, batzordeak segurtasun indarrek eta eskuin muturreko taldeek hildako Joxean Lasa, Josu Mujika eta beste zazpi lagun aitortu ditu biktima gisa. Aurrera begira, berriz, baliabide gehiago eskatu dituzte oraindik ere aztertzen ari diren kasuak ebazteko, eta biktimek eskaerak luzatzeko epe berri bat irekitzea galdegin dute, eta zenbait erakunderen jarrera txarretsi.

Ikusi gehiago: Estatuaren biktimekiko dagoen «anestesia orokorra apurtzera» deitu dute Eusko Legebiltzarrean

Batzordeak jakinarazi duenez, 2022ko uztailetik 2023ko ekainera bitarte, 131 espedienteren inguruan ebatzi dute, eta horietatik 66ri eman diete aitortza —denera, orain arte 143 aitortu dituzte—. Urraketa gehienak (48) Gipuzkoan eman ziren, eta hamar Euskal Herritik kanpo. Era berean, kasu gehienak 1970eko hamarkadakoak dira. Biktimei dagokionez, berriz, 66tik 11 emakumeak dira, eta bi herenek 24 urte edo gutxiago zituzten urraketak pairatu zituztenean —bost lagun 16 urtetik beherakoak ziren—. Biktimarioari dagokionez, berriz, Guardia Zibila eta Espainiako Polizia nabarmentzen dira: hamazazpi kasutan lehena da urraketen egilea, 32 kasutan bigarrena eta 11 kasutan biak —Ertzaintzarekin lotutako kasurik ez dago—. Talde parapolizialei dagokionez, txostenean ageri dira BVE, Triplea A, ANE, GAL eta Guerrilleros de Cristo Rey.

Hilketak eta erasoak

Txostenean bederatzi hileta kasu ageri dira: zazpi poliziak edo eskuin muturreko taldeek tiroz hil zituzten; bat eskuin muturreko talde batek «kolpeka, bortxatu ondoren»; eta azkena, Joxi Zabala, «hil egin zuten, bahitu, bortxaz desagerrarazi eta torturatu ondoren».

Izatez, Joxi Zabalarena da txostenean osorik idatzirik ageri den izen bakarra, kasuaren ezagutza maila kontuan hartuta, hura publiko egitea ebatzi baitute. Testuan, gorpuak Tolosan ehorzteko prozesuak senideei eragindako «mina» ere jasotzen du. Era berean, erreferentzia egiten dio Joxean Lasari ere, nahiz eta batzordeak ez duen haren inguruko irizpenik eman, «senideek ez zutelako aitortza eskaera egin legean ezarritako epearen barruan».

Poliziak hildako biktimen artean dago Josu Mujika ere. Haren senideek ostiralean eman zuten horren berri, Legazpin egindako agerraldi batean. Hura 1975eko uztailaren 30ean hil zuen tiroz poliziak, Madrilen, ETApm-ren aurkako operazio batean. Haren kasuaren berri ematean, batzordeak azaldu du ezin izan duela gertatu zena zehatz-mehatz ebatzi, eta salatu du kasu haren ikerketa ez zela independentea izan: «Desagertu egin ziren elementu giltzarriak; hala nola autopsia, gorpua altxatzeko ekintzaren txostena, balistikako txostena eta gorpua altxatu zuten uneko argazkiak».

Balorazio batzordearen lanetako bat izan da biktima horien senideak entzutea ere. Horien artean, «diskriminazio» eta «erabateko ahanztura» sentimenduak nabarmentzen direla jaso du txostenak, eta gehitu «erantzukizun politikoa aitortzea» eta kasuak argitzea eskatzen dutela, aitortza zabalago batekin batera.

Poliziek eragindako zauriengatik, berriz, sei laguni aitortu diete biktima izaera. Biri poliziek egin zieten tiro, pistolarekin, eta beste bati Guerrilleros de Cristo Rey eskuin muturreko taldeko kide batek. Laugarren batek ikusmena galdu zuen 13 urte zituela, Espainiako Poliziak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz. Beste biak poliziak egindako «eraso larriengatik zauritutakoak» dira, Lemoizko zentralaren aurkako eta Gladys del Estalen hilketa salatzeko manifestazioetan.

Torturak

Balorazio batzordeak torturak eta tratu txarrak jasandako 49 laguni aitortu dio biktima izaera. Gehien errepikatzen diren tortura lekuak Gipuzkoako Gobernu Zibila eta Guardia Zibilaren Antiguako komandantzia dira, biak ere Donostian. Gainera, zenbaitek behin baino gehiagotan jasan zituzten: esaterako, biktimetako bat bederatzi aldiz egon zen atxilotuta. Gainera, txostenak jasotzen du asko kargurik gabe aske utzi zituztela torturatu ostean, eta beste zenbait kasutan epaiketarik ere ez zela egin.

Dokumentuan, biktimek jasandako erasoen berri ematen da, eta balorazio batzordeak torturek izandako bilakaera ere jasotzen du: «Diktaduran, askotariko ekitaldietan edo gertaeretan sarekada masiboak egiten zirenean, baita salbuespen-egoeretan ere, aztarnak uzteak ez zuen axola, eta, funtsean, atxilotua fisikoki nekatzea izaten zen helburua. Gero, modus operandi hori utzi gabe, tortura psikologikoa eta metodo sofistikatuagoak gailendu ziren, atxilotuak hausteko». Horiek hala, askotariko torturen berri eman diete biktimek batzordeko kideei: hamar eguneko atxiloketa inkomunikatuak, orduak igarotzea eskuburdinetatik zintzilik, asfixia teknikak —poltsa eta bainuontzia—, elektrodoen erabilera, exekuzio simulazioak, jipoiak, mehatxuak... Horiei gehitu behar zaizkie atxiloketa arbitrarioak, birbiktimizazio jarrerak eta familiari eragindako sufrimenduak.

Horiek hala, txostenak azaltzen du torturatuen artean «hil nahi izatea» sarri errepikatzen den sentimendu bat dela. «Hain zen egoera latza, ezen leihotik behera salto egitea pentsatu bainuen, galdeketen gelako leihotik lorategietara, baina itxita egoten zen beti. Ezer sinatzeko prest ez nengoenez, hantxe hil nintzaten erregutzera iritsi nintzen», dio txotenean jasotako testigantzetako batek. Era berean, torturak egon izanak eragindako «frustrazioa» ere salatzen da.

Torturei genero ikuspegitik erreparatuz, berriz, testuak azaltzen du tortura kasuetan emakumeek «sexu indarkeria pairatzeko arrisku espezifiko eta erantsia» daukatela, eta euskal gatazkaren testuingurua ez da salbuespena arlo horretan. Hala, txostenak azaltzen du, besteak beste, antzu uzteko mehatxuak, irain sexualak, «ukitu, begirada eta komentario lizunak», zein «feminitateari eta janzkerari buruzko irainak» jasan behar izan zituztela torturatutako emakumeek. Gizonen kasuan, aldiz, barrabiletan emandako kolpeak, «gizontasunari buruzko laidoak eta antzu uzteko mehatxuak», arreba edo bikotekidea atxilotzeko eta bortxatzeko mehatxuak dira torturetako batzuk.

Lan egiteko zailtasunak

Txostenaren arabera, batzordeak zenbait erakunderekin izan ditu harremanak instrukzio lanak egiteko, eta, kasu gehienetan «elkarlanerako» jarrera izan duten arren, azaldu dute arazoak ere izan dituztela: «Egiaztatu dugunez, jarrera bereziki oztopatzailea izan dute artxibategi militarrek, orain artean egindako eskaeren artetik batean bakarrik eskuratu ahal baitugu dokumentazioa». Era berean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako auzitegietako espedienteetako informazioa eskuratzeko «zailtasun handiak» salatu dituzte, eta erakundeei eskatu diete lan hori errazteko. «Dokumentazio jakin bat lortzeko orduan azkarrago eta arreta handiagoz jokatzen ez bada kalte handia eragin dakiokeelako Batzorde honen lanari», zehazten da testuan, argudiatuta zenbait kasutan denborak «eskatzaileen kontra» egiten duela.

Era berean, baina, Kriminologiaren Euskal Institutuarekin duten lankidetza nabarmendu dute, eta hark torturaren eta tratu txarren inguruan osatutako txostenen garrantzia azpimarratu. Azaldu dutenez, hainbat kasutan horiek baliagarriak izan dira batzordearen lanerako: «Kasu batzuetan, saihestu egin da biktimak gertatutakoa berriro kontatzea, horrek pertsonari eragiten dion estutasuna dela eta».

Biktimen eskea

Txostenaren arabera, biktimek zenbait eskaera egin dituzte balorazio batzordearekin izandako bilkuretan. Horien artean nabarmentzen dira gertatutakoaren inguruko egia «ofizialki aitortzeko» eta kalte ordainak bideratzeko eskaerak. Era berean, baina, biktimen arteko «bidegabekeria konparatiboak» amaitzeko eta justizia errestauratiboa «norabide jakin batean» bakarrik ez aplikatzea galdegin dute, birbiktimizazio egoerak eteteko.

Tortura kasu zehatzean, haren erabilera aitortzea exijitu dute, torturaren ukazioa amaitzeko. Era berean, neurriak eskatu dituzte halako praktikak «zigorgabe» ez uzteko, eta biktimei erreparazioa emateko.

Gomendioak

Aurrez egindako txostenetan bezala, Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari egindako gomendio sorta bat plazaratu du balorazio batzordeak. Taldeak biktimei aitortza egiteko ekitaldi instituzionalak sustatzeko eskatu du, «goreneko mailako aitortza» jaso dezaten biktimek. Era berean, halako ekitaldietan biktimek parte hartzea beharrezkotzat jo du, eta hala helarazi die Eusko Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari, eta erakunde horiei gomendatu die eskaera hori Espainiako estatuko erakundeei ere egitea, estatuaren pean lan egiten duten segurtasun indarrak izan baitira urraketa horietako askoren erantzule.

Era berean, 12/2016 legea erreformatzeko beharra azaldu dute, bi alorretan. Batetik, kalte ordainak banatzeko sistema aldatzea, ez duelako bat egiten «biktimen errealitatearekin, ezta nozitu zituzten urraketen etiologiarekin ere». Azaldu dutenez, egungo sistemarekin, ondorio larri eta iraunkorrak ez dituztenek ez dute kalte ordainik jasotzen edo «ordain benetan barregarriak» jasotzen dituzte, «bidegabekeriak sorraraziz». Hala, zehaztasunera jota, adierazi dute ezabatu egin behar dela torturak jasan arren kalte ordainik ez jasotzeko aukera.

Batzordeak azaldu du egun dituzten baliabideekin ez dutela iristen zaien eskaera kopurua osoki bideratu, eta horrek atzerapenak eta, ondorioz, «frustrazioa, inpotentzia eta sufrimendu erantsia» eragiten dituela. Hala, errefortzuak eskatu dituzte, auzitegi perituen taldea laguntzeko, auzitegietara iritsitako kasuak aztertzeko eta Justizia Administrazioaren eta batzordearen arteko lana errazteko. Horrekin batera, aitortza eskea egiteko epeak berriz irekitzeko ere eskatu dute, besteak beste, Joxean Lasaren kasuak erantzun bat izan dezan.