Eta hemen izan ziren "Kondor operazio" antzekoek zer?

2017/01/18
Italiak bizi guztiko zigorra ezarri die 'Kondor planean' parte hartu zuten zortzi militar ohiri. 27 inputatu zeuden. Hogei bat italiar-latinoamerikar hiltzea egotzita zigortu dituzte.

Berria.- 2017.01.18

 

Alfredo Stroessner Paraguaiko diktadorearen garaian desagertutako hainbat lagunen argazkiak.
Alfredo Stroessner Paraguaiko diktadorearen garaian desagertutako hainbat lagunen argazkiak. Andrés Cristaldo / EFE

 

Zortzi dira bizi guztiko zigorra ezarri dieten militarrak, Kondor operazioan hogei bat italiar-latinoamerikar hiltzea egotzita: Hernan Jeronimo Ramirez eta Rafael Ahumada Valderrama txiletarrak; Juan Carlos Blanco uruguaiarra; Luis Garcia Meza eta Luis Arce Gomez boliviarrak eta Francisco Morales Bermudez, Pedro Richter Prada eta German Ruiz Figueroa peruarrak.

Erromako Auzitegia 2015eko otsailaz geroztik ari da operazioa epaitzen. Hamar urtez Giancarlo Capaldo fiskalak eginiko ikerketaren ostean ireki zuten auzia. Epaiketan, biktima ugarik bizitakoaren testigantza eman dute.

Txileko erregimen militarrak eta Latinoamerikako beste zenbait diktadurak eraman zuten aurrera operazio hori, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan: milaka pertsona desagerrarazi zituzten, eta errepresio gogorra ezarri zuten beren erregimenen aurka zegoen guztia zigortzeko.

Operazioa 1975eko azaroko bilera batean abiatu zen. Hego Amerikako diktaduretako zerbitzu sekretuetako buruak eta zenbait presidente bildu ziren Santiagon, eta oposizioko kideez informazioa elkarri trukatzea erabaki zuten. Ondoren, etsaitzat jotzen zituzten aurkariak hiltzea ere hitzartu zuten. Paraguain, Txilen eta AEBetan desklasifikatutako agirien arabera, Augusto Pinochet Txileko diktadore izandakoa izan zen bultzatzailea.

1992an azaleratutako artxibo batzuen arabera, 50.000 pertsona hil, 30.000 desagerrarazi eta 400.000 espetxeratu zituzten Kondor operazioaren bitartez.