Estatuak beren ardurak hartu behar dituzte

2024/05/10
44 urte eman ditu anaiaren gorpuzkien bila, eta horregatik uste du desagertu behartuen kasuak «lazgarriagoak» direla. Bigarren indusketa egin ahal izateak lasaitasun apur bat eman dio.
Naparraren anaia

Eneko Etxeberria: «Bake pixka bat hartu dugu; agertu ez izana kolpea da»

Eneko Etxeberria, erdian, indusketaren emaitzari buruzko prentsaurrekoan, Iruñeko Txalapartaren liburu dendan. Eneko Etxeberria, erdian, indusketaren emaitzari buruzko prentsaurrekoan, Iruñeko Txalapartaren liburu dendan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
Iruñea
2024ko maiatzaren 4a
Berria

44 urte luzeren ondoren, Jose Miguel Etxeberria Naparra-ren bilaketa ez da eten. Azken zazpi urteak bigarren indusketa noiz egingo zain eman ditu Eneko Etxeberria anaiak (Iruñea, 1963). Otsailean jaso zuen apirilaren 22tik 26ra egitekoak zirela —azkenean, apirilaren 24ra arte egin zuten indusketa lana—. Hilabete eta erdi eman zuen egunak noiz iritsiko, eta tokian bertan izan zen Etxeberria, bere konfiantzazko pertsonekin; tartean, Jon Alonso idazlea eta Iñaki Egaña historialaria. Isilpean gorde zuten dena. «Komentatu nion jendarmeari nirekin zeudela eta hedabideek ez zekitela ezer. Apropos egin genuen horrela. Haiek ere eskertu ziguten lasai egon ahal izatea».

Urte luzez egon zarete indusketa honen zain. Nola zaudete behin emaitza jakinda?

Okerrena zalantza izaten da, zazpi urtez itxaron behar izatea bertan dagoen jakiteko. Hori gainetik kendu dugu, eta bake pixka bat hartu dugu. Ez agertu izana kolpea izan da, atseden hartzeko garaia etorri baitzaigu. Orain itxaron egin behar dugu zer bidaliko duten Frantziatik eta Auzitegi Nazionaleko Moreno epaileak zer erabaki hartuko duen. Hori dakigunean, pentsatu beharko dugu zer egin.

Itxaronaldia oso luze da. 44 urte jakin barik non den eta azken zazpi urteak bigarren indusketa egin ezinik.

Beti, bueltaka. Batzuetan, ezinegona horregatik izaten da. Okerrena izan da tartean, 2018ko azaroan, ama zendu zela. Oso kolpe latza izan zen. Bere kemen guztiarekin joan zitzaigun, Joxe Miguel berriz etxean izan gabe. Eta gero luzatu da asko eta asko. Oso luzea.

Amak ezin izan zuen arantza hori gainetik kendu.

Ez. Beti ibili zen haren bila, aitarekin eta nire zein familiaren laguntzarekin. Hor zegoela pentsatuz joan zen. Aurrekoan, lehen indusketa zazpi hilabetean egin zuten, eta ulergaitza da hainbeste itxaron behar izana bigarrena egin arte. 

Zergatik aldatu zuen jarrera Frantziak?

Nazio Batuen lantaldeak kasuaren jarraipen osoa egin dute, nola dagoen auzia eta zer egiten ari diren galdegiten bai Frantziako Gobernuari bai eta Espainiakoari ere. Espainiarren erantzuna beti izan da Frantzian ikertu zela, eta han itxita zegoela auzia. Hori izan da beti haien aitzakia.

«Zergatik utzi behar diot nik semeari halakorik, bila jarraitu behar honekin; ez dut uste bidezkoa denik».

Martxo aldera jaso zenuen esperotako indusketa egingo zela jakinarazteko agiria. Nolako egunak izan dira? 

Morenoren probidentzia otsailean jaso genuen, eta esaten zitzaigun Frantzian toki horretan indusketa egingo zutela apirilaren 22tik 25era. Hilabete eta erdi horietan, eguna iristeko gogoz egon naiz, honako hau pentsatuz: agertzen bada sekulakoa izango zela, eta agertzen ez bada ere aukera hori baztertuko genuela.

Antsia hori kudeatzea zaila al da?

Gogorra egiten da itxaron behar izatea eta, batik bat, zure esku ez dagoen eta kontrolatu ezin duzun zerbaiten esperoan egotea. Zaila da hori kudeatzea. Batez ere nire ingurukoentzat: emaztea, semea… Eragina izaten du egunerokoan.

Beti esan izan duzu arrastoen bilaketa horretan atseden hartzea merezi duzuela senideok.

Bai, hala da. Utzi nahi ez dudan zerbait da. Zergatik utzi behar diot nik semeari halakorik, bila jarraitu behar honekin; ez dut uste bidezkoa denik.

Brasilen, Sao Paulon, CESIDeko kide batek egindako adierazpenek ekarri dute indusketak egitea. Jende gehiagok izan behar du anaiaren arrastoen berri. Zer mezu emango zenieke?

Desagertuen kasuak lazgarriagoak izaten dira, eta eskatzen diedana oso erraza da. Zenbaki batzuk besterik ez dira. Deskribapen bat egin zuen, baina ikusten baduzu nolakoa den bilaketa egin den eremua, zaila da zehazki jakitea non dagoen. Horregatik, errazena litzateke koordenatu finko batzuk izatea. Norbaitek hori ematea.

«Estatu terrorismoaren beste atal bat izan da, beste hainbat kasu ezagutu gabe geratu diren bezala. Nonbaiten hori dena jasota egongo dela, ziur».

Zure gogoetan 1968tik indarrean den Sekretu Ofizialen Legea aipatu duzu. Zergatik?

Orain hitz egiten da gezurrek eragindako giro politikoaz, baina, benetan demokrazia biziberritu nahi badute, lehen pausoa da legeak ikuskatzea eta ikustea zer motatako legeak dituzten. Mendebaldeko demokrazia batean 1968ko lege batek ez du inongo zilegitasunik.

BVEk hil zuen zure anaia, baina estatuak kasuari buruzko txostenak dituela uste duzue?

Estatu terrorismoaren beste atal bat izan da, beste hainbat kasu ezagutu gabe geratu diren bezala. Nonbaiten hori dena jasota egongo dela, ziur.