Espainiar Estatuaren desarmatzeaz

2017/05/02

Iritzia

Noizko frankismoaren desarmatzea?

Berria

2017-04-29 / Juan Mari Zulaika - Goldatuko kidea

  • Benetan nabarmena izan da Espainiako Gobernuaren eta bere aldeko prentsaren erreakzioa ETAren desarmatzeagatik Baionako ospakizunaren aurrean. Desarmatzeko eskubidea ere ez dio opa, nahiz eta beste aldetik hori exijitu. Etakideen ehiza besterik ez dute desio, azkenekoa atzeman arte. Gatazkari erantzuteko era bat da, «arerioaren kontra zuzenbidea».

Desarmatzeagatik duten haserre horrek Franco eta Carrero hil ondoreneko urteetara narama. Buruzagiek bizkor asko proklamatu zuten Amnistiaren Legea, gerraren eta 40 urteko diktadurako krimenen inpunitatea eskuratzearren. Espainiarrei justizia eskatzeko eskubidea ezabatzea zen helburua. Garaiko preso politikoek, auzitegi faxisten biktimeek, ez zuten amnistiaren beharrik. Alderantziz, goraipamena merezi zuten, erregimenaren aurkako erresistentzia heroikoagatik. Alderdi politikoek militarren mehatxuen beldurragatik eman zuten amore.

Frankismoa ez zen desagertu Franco hilagatik, zeinak Valle de los Caidosen gorenetik gainditzen duen erresuma. Besterik gabe, Juan Carlos erregea ezarri zigun. Beraz, prekonstituzionala dugu monarkia, adostu gabea. «Dena loturik eta ondo loturik». Ezertan ez ziren garbitu ejerzito irabazlearen indar armatuak. Hala bildu zen legebiltzarra, eta militarren itzalpean erditu zen konstituzioaz. Berriz ere, ezpaten beldurragatik eman zuten amore alderdi politikoek.

Frankismoko buruzagiek, Fraga, Martin Villa eta antzekoek, trantsizioaren gailur politikoan iraun zuten, antzinako erregimenarekin inolako hausturarik egin gabe. Zerbait aldatu bazen, militarren egitura izan zen, belaunaldien eraginagatik eta NATOren parte hartzeagatik. Baina, zuzenbidearen egituran, erregimenetik jasotakoak jarraitu zuen eta jarraitzen du gaurdaino. Eguneko Espainiako Auzitegi Nazionala ez al da lehengo TOP haren oinordekoa? Frankismoak izan dituen inpunitatearen eta immobilismoaren proba da trantsizioa iraunarazi duen bipartidismoa.

Mariano Rajoyren aurreko legealdiak areagotu egin du sistemaren sasidemokrazia. Ustelkeria sistemikoa, lan-legeen etengabeko berrikuntzak, amaigabeko murrizketak, gero eta errepresio gogorragoa, alderdi ezkertiar berrien aurkako frontea egitea —edozer gauza, statu quo aldatzea baino—, legearen barruan egon arren, ezker abertzaleen blokeoa, ETAko preso politikoenganako mendekua, hain ugariak eta probatu ezinekoak izan diren torturen inpunitatea, arrazoi gabeko hainbat eta hainbat atxiloketa, eta abar, ez al dira frankismotik jasotako tik nabarmenak? Nahi beste adibide daude esandakoak baieztatzeko.

Frankismoaren buruzagietako inork, ez eta haren oinordeko den Estatuaren ordezkari bakar batek ere, ez dute inoiz barkamenik eskatu. Amnistiaren Legea azken puntuko legetzat hartzen dute, eta krimen guztietaz, gizateriaren aurkakoak izanagatik, trufatu egin nahi dute, justizia unibertsalarekin hitzartutako konpromisoak urraturik. Gatazkaren jatorria 1936.ean kokatu beharrean, 1960.ean kokatzen dutenek, amnesia honi mesedea egiten diote, Jaurlaritzaren dekretuek, esate baterako.

Erabat ukatzen dute ETAz beste terrorismorik izan denik eta, nola ez, diktaduraren aurkako erresistentziatik sortu zenik ETA —edo fenomeno meteorologikoa izan zen?—, prozesuaren erantzule bilakaturik biak, Estatua eta banda armatua. Horregatik heltzen diote hain gogor beren tesiari: «ETA da gatazka bakarra. Barkamena eskatu eta disolbatzea, ez dute beste biderik». Eta iruzurrez, euskal ezker osoari zabaldu nahi diote kategoria hori.

Gertaerek bestela diote, ordea. ETAren desarmatzeak eragin dien erreakzioa ikusi besterik ez dago. Behin eta berriro zabaltzen da errelatoen gatazka, egiari eta historiari dagokiona. Besterik gabe armak entregatzeak —estatuen jarreragatik, ez zegoen beste aukerarik— porrota aitortzea badirudi, haiek ezin dute jan Ezker Abertzalea, eurek ez duten hautetsien babesaz eta laguntza sozial handiaz inguraturik, Baionara igotzea. Haserre dira, nola ez, ETAri aspalditik desarmatzea eskatu eta lortu ondoren, legaltasun osoz hain osasuntsu agertzeaz. Baionako ekitaldi arrakastatsuak garrantzizko atala zabaltzen du errelatoen eremuan, salbuespenik gabe biktima guztiei zabaldua.

Frankismoak badirau, baina hari asko gelditzen zaio desarmatzeko. Adibidez, 80. urteurrena den honetan, populazio zibilaren kontrako bonbardaketak aitortu beharko lituzke, 140.000 desagertuen alde zerbait egin, Valle de los Caidosen esangura guztiz aldatu, Francoren exekuzioak salatu, geroagoko Gasteizko bost langileen eta Amnistiaren Bigarren Astean hildako zazpi lagunen hilketak gaitzetsi, eta mila abar. Azken batean, bere iragan terrorista aitortu eta frankismoarekiko edozein apologia zigorpean jarri beharko luke. Horretaz gain, konstituzioak dituen elementu frankistak desarmatu beharko lituzke, hots, monarkia eta Espainiaren batasun karpetobetonikoa erreferendumera errendituz.