Erahila!!

2023/09/29
1972ko irailak 20, Urdazubi. Jon Andoni Aranguren Muxika 'Iharra' militantea hil zuten guardia zibiletako kaboaren tiroek. Ez geldi!, ez alto!, hil zuten armagabea. Ihes egin zuten harekin batera zihoazen kideek, burkide hilaren oroitza gogoan betiko.

Egiaz eta begiaz

Zibilek tiro eman dute! (eta hil zuten Jonan)

 

Jonan Aranguren hil zuten, eta zidorrean gora ihes egin, eta sasietan ezkutatu ziren Abaitua eta Larreategi. Jonan Aranguren hil zuten, eta zidorrean gora ihes egin, eta sasietan ezkutatu ziren Abaitua eta Larreategi. ZALDI ERO

 

20Berria
23ko irailak 19 - Urdazubi

Dio flako duela memoria, eta sendo. Flako, garai iraganaz oroitzeko; sendo, egun hura, eta hartakoa, gogora ekartzeko. «Baditut egun batzuk ahaztu ezin ditudanak. Horietakoa da Urdazubiko tirokatzearen eguna, Jonanen [Aranguren] heriotza ekarri zuena: 1972ko irailaren 20a izan zen eguna, eta ordua, berriz, arratsaldeko ordu biak. Hori ezin ahaztu dut nik». Joseba Abaitua Gomezek (Gernika, 1950) hogeita bi urte zituen orduan.

Bere memoria iharrak huts egiten ez diola ari da Abaitua. «Ederto ezagutzen nuen muga, eta sarri iragan ginen iparreko aldera inguru hartatik, ezkutuan eta altxapeka beti. Ez, zuzen, tirokatu gintuzten lekutik, baina apur bat Dantxarinetik, bentak zeuden alderditik. Lapitxuri errekak egiten zuen muga, eta han inoiz ez zen arazorik izaten. Irailaren 20ko hartan, ostera, tiroka eraso ziguten. Guardia zibilak izan ziren». Sasoi berezia zela dio Abaituak, atxiloketak eguneroko ogi zirela, militanteak masiboki jausi zirela Bizkaian, gazte mordoak jo zuela erbestera... «Eta poliziak ere bazekien hori. Eta nondik ari ginen, bada, muga igarotzen? Toki errazenetik. Hainbat bider ibiliak ginen han alde batetik bestera —propaganda igarotzen, besteak beste, baina sasoi hartan mugimendu handia egon zen, eta Guardia Zibilak bazekien. Ez zekien eguna ez ordua, baina bai handik igarotzen ari ginela». Eta zain izan zituzten.

Abaituak ezin jakin, baina salataririk ere bazen Urdazubin, eta, egun hartan, Urdazubira heldu, Joseba Abaitua, Jon Ander Larreategi eta Jonan Aranguren autotik irten, eta Ainhoara bidea hartzean, hantxe guardia zibilak. Eta ihes egin behar izan zuten, korrika, herioan. Eta ihesean, Iriberetik barrena, Aterbea etxe alderantz jo zuten, eta handik hara, harrikada bide zen guardia zibilen kuartelera! Mendian gora egin zuten Abaituak eta Larreategik, herri aldera kuarteleko aldera, horratik, Arangurenek, eta kuarteleko kaboaren tiroek eraitsi zuten militantea...

EGI

Iñaki Muxika Arregi (Donostia, 1945) EGIko militantea zen garai hartan. Bilbon zen 1969 orduko, Juan Ajuriagerra buruzagi jeltzalearen esanetara. «Propaganda zabaltzen genuen, ikurrina batzuk han edo hemen ere jartzen, pintatze batzuk... Hortik gorakorik ez. Herriz herri, errepresioaren kontrako borroka egiten zuen jendeak, eta EGIko militanteok ere horretan ginen. [Txabi] Etxebarrietaren aldeko mezak antolatu genituen, Aberri Egunak, Burgosko prozesuko mobilizazioak, eta halakoak. Batzuetan antolatu, besteetan parte hartu». Muxika Arregiren esanetan, 1970ean, Burgosko prozesuak eztabaida handia eragin zuen EGIko kideen artean: «Izugarrizko diskusioak izan ziren ETA barruan, bateko borroka armatua, besteko masa borroka; bateko Euskal Herri mailako estrategia, besteko Espainia mailakoa». Eta EGI barruan ere bertatik bertara segitu zuten eztabaida hura.

ETAren bosgarren biltzarraren garaia izana zen, eta zatiketarena. ETA VI.a sortua zen, militante gehienak berak eramanik. EGIkoek abertzaletasuna zuten ipar, eta harixe lotu zitzaizkion ETAren Biltzar Ttipiaren erabakiak zabaldu zituztenean. «Multikopian bota, eta zabaldu genituen erabaki haiek. ETAren ponentziak irakurri, eta aztertzen genituen, gure jendearen artean zabaltzen genituen. 500 kopia egiten genituen beti, ez EGIkoak 500 ginelako, ingurukoen artean ere banatzeko baizik». Muxika Arregiren esanetan, 300 kide baino gehiago ziren garai hartan EGIn.

Eta irakurtzen zituzten ETAren ponentziak, eta, beren buruak landu nahirik, gogoz aztertzen zuten Rikardo Alberdi Ugarte (Irun, 1915 - ?, 1982) abadeak idatzitakoa kristautasun berriaz, marxismoaz, konpromisoaz. Gisa berean, Txema Larrea Muxikaren (Basauri, 1954 Bilbo, 2018) formazio eskolak jaso zituzten. Muxika Arregi EGIko liberatua zen, eta bazuen ardura: «Gure jendeari erantzunak eman beharra genuen, eta, horretarako, geure buruak prestatzen laguntzen ziguten Alberdik idatzitakoek eta Txema Larrearen saioek... EGIko liberatuok han eta hemen genbiltzan —ni, gehiena, Gasteizen eta Iruñean ibili nintzen—, batzuekin eta besteekin hitz egiten genuen, eta militantziak berak ETAko abertzaleekin bat egitera eraman gintuen». Eta, besteak beste, Juan Jose Etxaberekin eta Eustakio Mendizabal Txikia-rekin uztartzera.

1972

Araban eta Nafarroan EGIko liberatu zen Muxika Arregi, eta Gipuzkoan liberatu, berriz, Jonan Aranguren. «Zortzi bat ginen EGIko liberatuak, ETAk liberaturik ez zuen garaian. ETAren orduko liberatu gehienak EGIkoak izan ginen. Eta EGIko liberatu zela ezagutu nuen Jonan [Aranguren]. Ona zen, zintzoa, oso langilea; atzera pausorik eman gabe, beti aurrera nahi zuena; oso kezkatua jendearen formazioarekin... eta oso maitagarria. Borrokan guztiz sartuta bizi ginen, misiolari hutsak ginen, errepresioa guztiz gogorra zen —hamar salbuespen egoera ere ezagutu genituen—, baina errepresioaren kontrako borroka ere, oso gogorra!». Eta etorri zen aldaketa inportantea, Muxika Arregiren hitzetan: «Errepresioaren kontrako borroka horrek bateratu egin zuen jendea, elkartu —ordu arteko euskaldunak, eta kanpotik etorritakoen seme-alabak—, eta euskaldun izatea ere aldatu egin zen; 'gu' izateaz geneukan kontzeptua aldatu, alegia. Eta Txiki bat [Juan Paredes Manot] sortu zen, eta Txiki gehiago sorrarazi zituen horrek: euskaldunak ginen denok, bat egin genuen batzuek eta besteek». Borroka giroan murgildurik beti. «Poliziak gogor jotzen zuen, maila guztietan ere: kalean, ikasleen kontra, langileen aurka… eta poliziak gogor jotzen zuen, jendeak aurrera egiten zuelako. Burgosko prozesua-eta! Zer izan zen hura, bada! Euskal arazoa munduan barrena zabaldu zen»... Hamasei enkausatuekiko elkartasunetik —gizartearen mobilizazioetatik bezainbat—, heriotza zigorrak konmutatzea segitu zen. Burgosek inork usteko ez zuen bezala publizitatu zuen ETA Euskal Herrian, espainiar eta frantziar estatuetan, eta Europan.

Epaiketaren ondoko urtean apaldu egin zen ekintzen kopurua. ETAren baitako barne-eztabaida, aldiz, su-piztu. 1972an, Burgosko prozesutik bi urte joanak zirela, su-piztu hark ordu arte ez bezalako garrak ekarri zituen. Besteak beste, urtarrilaren hatsarrean Lorenzo Zabala Osinaga industrialaria bahitu zuen ETAk Abadiñon. Handik laster, heriotzak: martxoaren 16an Jon Ugutz Goikoetxea hil zuen guardia zibilak Zigan. Abuztuaren 29an, Eloy Garcia Cambra udaltzaina hil zuten ETAko zenbait kidek Galdakaon. Hurrena, irailaren 2an, Gernikako kuarteleko Hidalgo kapitainaren agindupeko guardia zibilek Jose Benito Mujika Xenki, eta Mikel Martinez de Murgia hil zituzten Lekeition... «Hidalgo kapitaina» zenak Manuel Hidalgo Salas zuen izena, eta Gernikako guardia zibilen buru izan zen 1965etik 1976 arte. Busturialdean ez ezik, noiznahi zen Durango-Zornotzetan, Mungian, Bermeon nahiz Bizkaiko zeinahi bazterretan, frankismoaren atzaparretatik ihesi zebiltzan guztien ehizan. Esate baterako, Hidalgo «gure [Meliton] Manzanas» ohi zen Ondarroan. 2012an hil zen Hidalgo kapitaina, Lea-Artibain inoiz ezagutu zuten torturatzailerik piztiena. Akaboaren akaboko, liburu bat utzi zuen 1989an ondare: Guión del guardia civil (Guardia zibilaren gidoia).

Urdazubi, irailak 20

Muxika Arregik esan digunez, iraileko egun haietan biltzar-aurreko bat deitua zuten EGIk eta ETAk. Bi erakundeak bat eginak ziren, batzorde exekutibo bat ere osatua zuten, lau fronteren araberako lau arduradun ere izendatuak... baina zein bere aldetik ibili beharrean, osotasunez landu nahi zuten afera, eta biltzar bat deitu horretarako. Eta biltzar-aurrekoa deiturik, militanteek Ipar Euskal Herrira bidea hartu zuten. Haien artean zen Jonan Aranguren...

Arangurenekin batera auto berean egin zuten Urdazubira Joseba Abaituak eta Jon Ander Larreategik.

Urdazubira baino lehen, Lekeitiora eraman gaitu Abaituak, Muxikaren eta Martinez de Murgiaren hilketara: «Etxebizitza hura Jonan Arangurenek eta biok errentatu genuen, nortasun agiriak faltsututa. Tenderia kalean zegoen etxea. Ugazaba, berriz, oftalmologoa zela esango nuke. Hango tiroketa egunaren bezperan etxe hartan egon ginen Jonan eta biok. Propaganda banatzen eman genuen eguna, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, eta itzuli osoa egin eta gero, Lekeitiora heldu ginen. Baina artean ez zitzaigun iruditu berandu zenik, eta Bilbora joan ginen. Lekeitioko etxebizitza hartan gelditu izan bagina, bertan akabo gu ere!», esan du Abaituak.

Handik hamabost egunera, heriotza atean joka zuten berriro...

1972ko irailak 20. Arratsaldeko ordu biak. Urdazubi. Iriberen dira Joseba Abaitua, Jon Ander Larreategi eta Jonan Aranguren. Biltzar-aurreko hura prestatzera, berriz, beste zenbait militante, Abaitua oroitzen denez: «Lehenengo, hamabi lagun-edo izango ginen, baina, gero, gehiago ere azaldu ziren, nondik ez genekiela. Mugalaria [Borda, irakasle Donapaleun] gure zain zegoen, agindutako tokian, baina baita guardia zibilak ere, ordea!». Eta guardia zibilak agertzearekin batera barreiatu ziren militanteak, handik hona eta hemendik hara, zein bere aldetik... «Jon Ander, Jonan eta hirurok batera hasi ginen korrika, herriruntz, eta orduan, Cetme-tiro zaparrada jaso genuen. Eta tiroek Jonan jo zuten. Niri tiro batek eskuineko zapataren zolan eman zidan. Jonanek, zauriturik ere, beheruntz [Aterbea aldera] segitu zuen apur baten, eta kasik bertan hil zen. Jon Ander eta biok ere beheruntz hasi ginen, baina ostera ere goruntz egitekotan. Azkenean, sasiarte handi batean ezkutatu ginen».

Aranguren hilik, eta larri ibili ziren Larreategi eta Abaitua. «Sasiarte hartatixe ikusi genituen guardia zibilen hara eta honakoak. Berrogeita hamarren bat izango ziren, beharbada. Eta haien Land Roverrak gora eta behera, zokondo guztiak miatzen. Gerrilla moduan paratu zabal-zabal, eta noiz goruntz, noiz beheruntz ibili ziren. Txakurrik ekarriko zuten beldurrez izan ginen, baina ez zuten ekarri. Eta, aldiz, berton eduki genituen haien botatzarrak, belarrietan haien hitz eta esanak. Tenientea bere manupekoei sua aginduz, adibidez. 'Ezer mugitzen dela ikusten baduzue, egurra! Tiro!'. Edo gure bila aspertu zirenean, zigarro erretzen-eta hasi zirenean, batak besteari: 'Felipe, su-piztekoa!'».

Abaitua eta Larreategi ilundu arte egon ziren sasietan beren buruak gorderik, guardia zibilak joanik ere.

Seguru iritzi ziotenean, mendiaz beste aldera hartu zuten bi militanteek, Jon Andoni Aranguren Muxikaren irudia, eta hil zuten eguna, burdina su gorituan bezala beren larruan betiko grabaturik.

Ezizena zuen Iharra: «Halakoxea zen Jonan [Aranguren], zimela, gihar hutsa, iharra, eta ezizen horixe hartu zuen», esan digu Muxika Arregik. Eta adiskide lagunaren ezizenetik, Iharra izena hartu dute bataren semeak, bestearen alabak...