Epaileek gutxietsi zuten soinudun agiria.

2021/03/09
Mikel Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela baieztatzen duen audio elkarrizketa bat argitaratu du 'Público'-k. Grande-Marlaskak agerraldi bat egin dezala eskatu du Geroa Baik, eta EH Bilduk Espainiako Kongresuan galdetuko dio Pedro Sanchezi.

 

TORTURA

«Eskua joan zaie»

 

Jon O. Urain - 

2021eko otsailak 23  09:15
Berria
 0  

Gordina da elkarrizketa, Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren, eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren artekoa. Bien elkarrizketak baieztatzen du Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean hil zela, torturatuta. Elkarrizketa horren transkripzioa argitaratua zuen El Mundo egunkariak, baina sekula entzun gabea zen audioa. Orain, Non dago Mikel? dokumentala egiteko prozesuan, audioa eskuratu dute Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas Pitu dokumentalaren egileek, eta Público egunkariak argitaratu du ahots dokumentua.

Elkarrizketan entzun daitekeenez, Gomez Nietok Peroteri esan zion bere ustez Zabalza galdekatu zutenei «eskua joan» zitzaiela: «Itaunketan bertan gelditu zaie». Perotek galdetu: «Uste duzu Intxaurrondon bertan geratu zaiela?». Eta Gomez Nietok erantzun: «Bai, nire irudipena da galdeketan bihotzekoak emango ziola poltsa buruan jartzearen ondorioz. Hori da nire irudipena. Huts asko egin zituzten: ondoko gelan senideak zeudela galdekatu zuten. Medikuak zioen osasunez gaizki zegoela, azken urtean hiru ebakuntza egin dizkiotela Zabalzari».

Azalpen gehiago ematen dizkio Gomez Nietok Peroteri: «La Madrek dio kaputxarekin ikusi zuela, eta, tira, nik uste dut bertan geratu zaiela. Guri ia bertan geratu zitzaigun herrialdeburua, Martin Barriosen heriotzan parte hartu zuen komandoko burua; ia bertan geratu zitzaigun Pindado kapitainari eta niri». Peroteren zehaztapena: «Baina kaputxarekin». Eta Gomez Nietoren baieztapena: «Kaputxarekin. Momentu batean, arnasten ari dena bere karbono monoxidoa da, eta ito egiten da». Xehetasun gehiago ere eman zizkion: «Tipoa begira genuen, zeren kontu horren mamia ez baita tipoak ez duela ezer ikusten; funtsean, puntu batean murgilduta balego bezala da, bestela ez... kaputxak gardena izan beharra dauka, berak bizitza ikus dezan, eta heriotza sentipena izan dezan».

Bertsio ofiziala eta aitortza

Non dago Mikel? dokumentalean ez dute jaso audioa bera. Otsailaren 23an aurkeztuko dute, eta ostiraletik aurrera egongo da zinema aretoetan. Perotek lehendik esana zuen Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko sarjentu ohiak adierazi ziola Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zutela. Perotek epaileari 1997an egin zion aitorpena, baina Gomez Nietok ukatu egin izan du. 2004ko bukaeran, El Mundo-ko kazetariek audio artxiboa eskuratu zuten, eta epailearen esku utzi. Ikerketa berriak abiatu zituzten, baina azkenean ebatzi zuten audioak ez zuela nahikoa kalitaterik froga gisa kontuan hartzeko.

Perote CESIDetik bota zuten 1991n. Agiri konfidentzialak lapurtzea leporatu zioten, CESIDeko agiriak. Espetxeratu egin zuten horregatik. Gomez Nieto auzipetu egin zuten Lasa eta Zabalaren auzian, baina 1997an saritu egin zuten, kapitain izendatuta.

Zabalza (Orbaizeta, Nafarroa, 1952 - Endarlatsa, Nafarroa, 1985) 1985eko azaroaren 26an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta haren gorpua hiru aste geroago agertu zen, Bidasoa ibaian, Endarlatsa inguruan. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez.

Erreakzioak

Grabazioa Zabalzearekin hasi dira erreakzio politikoak. Esaterako, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak agerraldia egin dezala eskatu du Koldo Martinez Geroa Baiko senatariak, eta Uxue Barkos koalizioko bozeramaileak iragarri du Nafarroako Gobernuari galdetuko diola zer-nolako jarduerak abiatuko dituen gaiaren inguruan.

EH Bilduk, berriz, galdera bat erregistratu du Espainiako Kongresuan, Pedro Sanchez gobernuburuarentzat: «Espainiako Gobernuko presidente gisa, indar armatuek eginiko torturak aitortzen dituzu?». Ez da EH Bilduren erreakzio bakarra izan. «Guztiok bagenekiena baieztatu da: Mikel Zabalza Intxaurrondoko kuartelean egin zizkioten torturengatik hil zen. Beste milaka euskal herritarrek jaso genituen torturak kuartel horretan. Alde hemendik!», idatzi du Arnaldo Otegi koordinatzaileak.

Mikel Buil Ahal Dugu-ko Nafarroako Parlamentuko bozeramailea ere mintzatu da grabazioaz: «Bagenekien Zabalza Intxaurrondon torturatuta hil zela, baina hunkigarria da Guardia Zibilaren agintariak hainbesteko naturaltasunez entzutea nola gauzatzen zuten tortura hori».

Foro Sozialak, berriz, nabarmendu du grabazioak «beldurgarriak» direla: «Gure herrialdean oso zabalduta dagoen egia sozialari ahotsa jarri diote. Beharrezkoa da estatuak eta garai hartako arduradun politiko eta polizialek, behingoz, egindako kaltea onartzea».