Emeki emeki agerarazten dute

2024/10/02
Torturak pairatutako guztiei dei egin diete, «sarea ehuntzen eta zabaltzen» jarrai dezaten. Udazkenean batzarrak antolatuko dituzte herri eta eskualdeetan.

«Auzolan erraldoia» iragarri du Torturatuen Sareak, tortura kasuak «ahanzturatik» ateratzeko

Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak, orri zuriz inguraturik, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideak, orri zuriz inguraturik, Bilbon egindako agerraldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko ekainaren 26a
Berria

Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Eguna baliatu du Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak mezu bat igortzeko torturak pairatu dituzten herritar guztiei: errealitate hori «ahanzturatik atera» eta «gertatutakoa argitzeko» beharrezkoa da torturatuen sarea «ehuntzen eta zabaltzen» jarraitzea. Xede horrekin «auzolan erraldoia» jarriko dute abian datozen hilabeteetan, «kasu bakar bat ere argitara atera gabe» ez geratzeko, eta zenbait ekinbide ere iragarri dituzte: adibidez, udazkenean batzarrak antolatuko dituzte herri eta eskualdeetan, «tortura pairatu duten ahalik eta pertsona gehienengana» iristeko xedez, eta datorren urteko otsailaren 15ean ekitaldi berezia egingo dute.

Otsailaren 13an, Torturaren Aurkako Egunaren karietara, bere burua aurkeztu zuen Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak. Haren asmoa zen Euskal Herriko Torturatuen Sarea josten hastea, torturak jasandakoek «elkarrekin egiteko aitortzaren eta erreparazioaren bidea». Geroztik, harremanak egin dituzte Euskal Herri osoko hainbat torturaturekin, baina urrats gehiago egin nahi dituzte arlo horretan.

Euskal Herriko Torturatuen Sareko Ixone Fernandezek eta Iker Morenok azaldu dutenez, urte askoan «isiltasuna» nagusitu da torturaren auzian: «Arduradun instituzionalak, alderdi politiko jakin batzuk eta hainbat komunikabide torturaren errealitatea ukatzen saiatu dira, edo ez ikusiarena egin dute, nahiz eta estatuko segurtasun indarren komisarietan eta kuarteletan gertatutakoaren ebidentzia nabarmenak egon».

Isiltasun hori, baina, arrakalatzen hasia da, eta Fernandezek eta Morenok gogorarazi dute guztira berrehun baino gehiago direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aitortza jaso duten torturatuak, motibazio politikoko indarkeria egoeretan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko 12/2016 legearen ondorioz. Nafarroan ere, 16/2019 foru legearen eraginez,  aitortza egin diete hamar bat torturaturi: joan den astean, esaterako, jakinarazi zuten eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen hemeretzi biktimari aitortza egin dietela, eta horien artean torturak jasandako zenbait herritar daudela.

Hala ere, Torturatuen Sareak uste du aitortza horiek ez dutela lortu «merezi duten oihartzun mediatiko eta soziala». Izan ere,  badakite «gogorra eta zaila» dela aitorpen ofiziala lortzeko eta horren berri emateko bidea. «Ez dezagun ahaztu tortura praktika sistematikoa izan dela Euskal Herrian», erantsi dute, eta gogorarazi Kriminologiaren Euskal Institutuak 5.394 tortura kasu egiaztatu dituela orain arte.

Paper zuriak

Zoruan paratutako milaka orri zuriren artean egin dute agerraldia: «Paper zuria, inkomunikazio aldia jasan dugun orori aurrean jarri digutena, sina genezan». Torturatuek azaldu dute paper zuri horien atzean «denetariko gogorkeriak» daudela, «Euskal Herrian torturatutako milaka eta milaka pertsonaren autoinkulpazioak lortzeko erabili diren izugarrikerien eta askotariko metodoen zerrenda amaigabea». Esan dutenez, autoinkulpazio horiek zigorrak ezartzeko erabili dituzte, bai eta «inkomunikazioak eragindako izuaren gurpila birarazten jarraitzeko ere, jende gehiago atxilotuz eta torturapeko autoinkulpazio gehiago lortuz».

«Sarea ehuntzen» jarraitzeko lantegi horretan, «auzolan erraldoia» abiatuko dute datozen hilabeteetan, «Euskal Herrian torturatutako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin». Udazkenean, torturatuen batzarrak egingo dituzte herri eta eskualdeetan, eta  otsailaren 15ean «ekitaldi berezia» egingo dute. Horren xedea izango da sarea «Euskal Herriko torturatuen bozgorailu» bilakatzea, tortura kasu guztien berri ematea, eta herritar horientzat «errekonozimendua eta erreparazioa» lortzea: «Bermatzeko guri gertatu zitzaiguna ez zaiola beste inori gertatuko gure herrian». Dei berezia egin diete torturatu guztiei ekitaldi horietan eta bereziki otsailaren 15ekoan parte har dezaten.

«Tortura ahanzturatik ateratzeko eta gertatutakoa argitzeko garaia da», esan dute Fernandezek eta Morenok. «Gizarteari eta etorkizuneko belaunaldiei zor diegu. Horixe da torturaren erabilera desagerrarazteko modurik eraginkorrena, guk pairatu genuena beste inork jasan ez dezan, inoiz ez».