Emakumea: "euskal kasua" genero ikuspegitik
2016/08/06
Martxan da gatazkan emakumeek bizitakoa ikusarazteko ikerketa. Argituz elkarteak txosten bat osatu du, «euskal kasua» genero ikuspegia kontuan hartuta ikertzeko. Landa lana egitea falta zaie oraindik; ohartarazi dute datu falta nabarmena dela.
Berria.- 2016.08.06
Hodei Iruretagoiena.-
1975eko apirilean, Guardia Zibila Ondarroako (Bizkaia) etxe batera sartu zen gizon bat atxilotzera, eta, «erabilitako bortizkeriak eraginda», bihotzekoa izan zuen haren amonak. Bertan hil zen. Ondorengo hiru hamarkadetan, operazio hartan «Leizarren alarguna» hil zela jaso zen argitalpenetan. 2008an ateratako txosten batean irten ziren argitara haren izen-abizenak: Frantziska Saizar Ureta zen andre hura, eta 86 urte zituen. «Haren identitatea desagertuta egon zen 33 urtez».
Halako hamaika kasu bildu ditu Argituz elkarteak Motibazio politikoko indarkeria emakumeen aurka euskal kasuantxostenean. Eusko Legebiltzarrari bidalia diote dagoeneko dokumentazioa bilduta egindako ikerketa, baina asko dute oraindik egiteko: landa lana geratzen zaie. Hau da, lehen mailako iturriekin, biktimekin egotea. «Emakumeei zuzenean eragin dien indarkeriak eta sufrimenduak markatutako iraganera begiratu dugu, arazoaren atariko ikuspegi bat eskaintze aldera». Hala, «iragana genero ikuspegitik berreraiki» nahi dute, biktimen aitortzarako eta erreparaziorako «lehen ondorioak» atera, eta gerora alderdi horiek sakonago lantzeko helburuz.
Nabarmena da biktimen sexua aintzat hartzen duten datuen falta. Orain arteko ikerketa gehienetan, ez da aztertu genero ikuspegia. Ohartarazpen hori egin dute adituek, hasteko: «Nekez da baliagarria bizi garen gizartean eta gatazka testuinguruetan gizonak eta emakumeak baldintza berberetan daudela eta premia berberak dituztela oinarri hartzen duten ikerketak sustatzea. Emaitza egia osatugabea da, eta biztanleriaren erdiaren esperientzia unibertsalizatzen du; gizonena, alegia. Eta emakumeen errealitatea ikusezin bihurtzen du».
Giza eskubideen arloan nazioarteko zuzenbideak dakarrena hartu dute oinarri, eta beste zenbait herrialdetako esperientziak ere aztertu dituzte. Araudi horrek dioena gorabehera, askotan «gutxietsi eta minimizatu» izan dira emakumeek izandako esperientziak, egileen esanetan. Euskal kasuan, esaterako, hildakoen %10 dira emakumeak. Zenbakiak soilik ez, «indarkeria horien oinarrian dauden alderdi kualitatiboak» aintzat hartzea ere funtsezkoa da, ordea, adituek txostenean jaso dutenez. Hausnarketa horretarako baliagarri ere izan nahi du lanak: «Esanguratsua izango da baldintza horiek, askotan, andreen eta gizonen arteko egiturazko desberdintasunetan kokatzea».
Gorputza, «gerra arma» gisa
Euskal Herria hartu dute esparru gisa; hau da, Euskal Herrian gertatutako kasuak eta kanpoan ziren euskal herritarrei eragin zietenak bildu dituzte. Hiru multzotan sailkatu dituzte: lehenengoan, bizitzeko eskubidearen aurkako erasoak —hilketak— eta osotasun fisiko eta psikikoaren aurkakoak —tortura sexistak, bahiketak, sexu erasoak...— sartu dituzte. Horretan jarri dute pisurik handiena. Bigarrenean, «gehiago ikertu beharreko» kasuak daude, eta, hirugarrenean, «indarkeriazko beste gertakari batzuk eta indarkeria politikoaren ondoriozko sufrimenduak». Azken horren barruan daude, esaterako, iparraldeko sindromeadeitutakoa —Euskal Herrian ziren guardia zibil eta Espainiako poliziek bizitakoa— eta euskal presoen urruntzearen ondorioz izandako istripuak —bederatzi emakume hil dira espetxeetara bidean—.
Hildako gehienak (54) «bereizi gabeko atentatuetan» gertatu dira; haietako gehienak, «ETAren adarrek» egin dituzte —Rolando kafetegiko atentatua, Hipercorrekoa eta kuartel etxeen aurkakoak, esaterako—. Talde parapolizialek eta eskuin muturrekoek erabili zuten emakumeen aurkako sexu indarkeria: 1979an eta 1980an, adibidez, hamasei bortxaketa zenbatu dituzte. Haietatik, bi emakume heriotzaraino eraman zituzten. Hala diote gerra zikinaren harira: «Hori guztia kalkulatua eta planifikatua izan da, emakumeen gorputzaren abusua gerra arma gisa erabiltzeko». Hortik kanpo daude tortura kasuetakoak.
Halakoak maiz zigorgabe geratu direla ere salatu dute txostenean, eta hainbat gomendio egin dizkiete erakundeei, etorkizunean giza eskubideak lantzean genero ikuspegia aintzat hartzeko.