Elkarretaratzea laidoaren aurka

2024/10/04
Memoria Osoa plataformak ostiral honetan egindako elkarretaratzean Gasteizko Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroari hiriaren Urrezko Domina ematea arbuiatu dute. Astelehenean emango da saria eta «bizikidetza ereduaren aurkako erasoa» eta «iraingarria» da plataformaren ustez.

Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
naiz

Gasteizko Oroimen Zentroari Urrezko Domina «iraingarria eta umiliagarria» dela salatu dute

Gasteizko Urrezko Domina biktima guztiak kontuan hartzen ez dituen zentroaren aurka mobilizatu dira.Gasteizko Urrezko Domina biktima guztiak kontuan hartzen ez dituen zentroaren aurka mobilizatu dira. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Datorren astelehenean, Gasteizko jaietako egun nagusian, hiriaren Urrezko Domina emango du Udalak. Aurten Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroak jasoko du saria. Euskal Herriko oroimen memorialisten eta Estatu indarkeriaren biktimen 15 elkartek osatzen duten Memoria Osoa plataformarentzat, ordea, «bizikidetza ereduaren aurkako erasoa» da.

Hala salatu dute ostiral honetan Arabako hiriburuko Plaza Berrian egindako elkarretaratzean. Martxoak 3 Elkarteko kide den Nerea Martinezek plataformaren izenean bertan adierazi duenez, «iraingarria» eta «umiliagarria» da erakunde publiko batek «inposatutako» zentroak bultzatzen duen «diskriminazioa eta bazterketa» saritzea.

«Gasteizko Udalak, alkatea buru duela, memorialaren fundazioaren planteamendu diskriminatzaile eta baztertzailea saritzean zalantzarik gabe euskal gizarteak bere aniztasunetik elkarbizitza eraikitzeko prozesuari kontrajartzen zaio», adierazi du Martinezek. «Eraikitzen ari garen elkarbizitza horrek guztion sufrimendua errespetatu behar du, pertsona guztien giza eskubideak bermatu behar ditu, bazterketarik gabe eta gertatutako guztiaren memoria izan behar ditu oinarri, ez errepikatzearen berme gisa, besteak beste», gaineratu du.

Sariaren aurkako jarrera erakusteaz gain, mobilizazioan Gasteizko Udalari, klase politikoari, erakundeei eta gizarteari oro har gogorarazi diete «frankismoan, trantsizioan eta ustezko demokrazian Estatuaren indarkeriak eragindako giza eskubideen urraketen biktimek aitortza ofiziala jasotzeko prozesu batean murgilduta jarraitzen dugula, hainbat legeren bidez».

Biktima guztien aitortza ofiziala

Gainera, horrelako ekimen publikoen bidez «biktimak kategorizatzeak eta diskriminatzeak» elkarbizitzari mesederik ez diola egiten uste dute Memoria Osoatik. Nabarmendu dute, beraz, «ezinbestekoa» dela «orain arte baztertuak izan diren milaka biktimen aitortza ofiziala eta ikusgarritasuna lortzea».

Prozesu hori, baina, botere publikoek «bultzatu eta erreztu» beharko luketela argi utzi dute; izan ere, «2024. urtean milaka biktima oraindik aitortza publiko eta ofizialik gabe egotea anomalia politikoa da», esan du Nerea Martinezek.