EH Bilduri idatziz emaniko erantzunean gobernuak argudiatu duenez, guardia zibil ohiari dominak kentzeko, legea aldatu beharko litzateke
Espainiako Gobernuak ez dizkio dominak kenduko Rodriguez Galindori
Edu Lartzanguren -
2021eko martxoak 30
Berria
Jon Iñarritu EH Bilduk Kongresuan duen diputatuak otsailaren 15ean egin zion galdera ofiziala Espainiako Gobernuari. «Antonio Gonzalez Pacheco torturatzailea, Billy el Niño ezizenarekin ezagunagoa, hil ondoren, gobernuak iragarri zuen hari emandako domina guztiak kenduko zizkiotela», idatzi zuen diputatuak galdera egitean: «Horregatik jakin nahi dut: kenduko al dizkio gobernuak dominak Enrique Rodriguez Galindori hil ostean?».
Atzo argitaratu zuen Iñarrituk jasotako erantzuna. Martxoaren 23ko data du Espainiako Gobernuaren agiriak. Horren arabera, dominak 5/1964 eta 19/1976 legeen arabera eman zizkioten Galindori: «Lege horiek ez dute dominak kentzeko prozedurarik. Beraz, lege erreforma bat beharko litzateke, diputatuek eztabaidatu eta onartu beharrekoa».
Iñarrituk salatu duenez, erantzunak adieraziko luke Espainiako Gobernuak ez dizkiola kenduko Galindori emandako dominak: «Billy el Niño hil zenean, arin atera ziren kenduko zizkiotela iragartzera (eta oraindik ez dute egin). Galindo hil zenean, ez zuten deus esan. Iritziz aldatu dute?», galdetu du diputatuak.
1981eko urtarrilaren 7an, Guardia Zibilaren bereizgarri zuriko gurutzea eman zioten, baina sari handiago bat heldu zitzaion hiru urte eta erdi geroago: bereizgarri gorriko gurutzea. 1984ko urrian saritu zuen Felipe Gonzalezen gobernuak, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu, torturatu eta hil zituztenetik urtebetera, eta kolorea ez zen dominaren bereizgarri bakarra: preziatuagoa da gorria, besteak beste, bizi guztirako pentsioa ziurtatzen dielako. Lau bider eman diote ikur hori; guztira, hogei domina.
Lasa eta Zabala auzian 75 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina lau urte eta lau hilabete inguru egin zituen espetxean.