Burgos, orain 50 urte
Abenduaren 3an, 50 urte beteko dira gero Burgosko Epaiketa esango zitzaion hura hasi zela eta gu abokatu aritu ginela. Auzitegi militar batek hantxe epaitu zituen, Burgosko Gobernu Militarraren egoitzan, hamasei preso politiko, ETAko militante edo militante izateagatik akusatuak. Horietatik seiri heriotza zigorra eman zieten, eta, ondoren, zigorra ordeztu zieten 30 urteko kartzelaldiarekin. Gainerakoei 12-70 urteko kartzela zigorrak eman zizkieten. Akusatuetako bat libre utzi zuten, dagoeneko gertaera haiengatik zigortua izan zelako OPAn.
Gerra kontseilu bat bost militarrez eta bi ordezkoz osatua izaten zen, denak ere Erregimentu Militarreko kapitain nagusiak berak nahi zituenak hautaturik. Espainiako armadak eskualde militarretan banatua zuen Espainiako Estatua, eta kapitain nagusiak, eskualde bakoitzeko buru militar gorenak, «Autoritate Judizialaren» zeregina zuen; haren eskudantzietan, Gerra Kontseiluak emandako epaia onestea edo baliogabetzea zegoen.
Gerra Kontseiluko bost militarrek, Legearen inolako ezagupenik gabe, salbu eta militarretako batek, juridiko-militar esaten zitzaionak —horrek pixka bat zekien lege militarrez—, guztiak ere militarren diziplina eta obedientzia zorrotz baten pean, erregimen frankistaren aurka zeuden «mendeko zibilak» epaitzen eta zigortzen zituzten, garai hartan ez baitzegoen «herritarrik». Militar haiek erregimenaren parte ziren; haren aldezleak.
Juridiko militarrari eta lege militarrari dagokienez, gaian aditua den jurista batek honela esaten zuen, garai hartan eta arrazoiz: lege militarra zera da Legearentzat, Vienako orkestra filarmonikoan musika talde militar bat jartzea bezala. Tira, Gerra Kontseiluko militarrek ere ez zuten Legearen gaineko jakintza berezirik behar, zeren eta lege militarra eta haren aplikazioa oso sinpleak eta irmoak ziren. Erregimenaren aurkako zernahi kritika eta aurkaritza zigortu egiten zen; ohikoena, 8-20 urteko kartzelaldia; baina izan zitekeen, eta behin baino gehiagotan izan zen, heriotza zigorra ere.
Zigorren eskalan, zigorrik arinena jasotzen zuen delitua —nahiz eta heriotzarekin ere zigor zezaketen— «matxinada militarra» delako delitua zen, zeinak, besteak beste, honelako ekintzak biltzen baitzituen: «Estatua, haren erakundeak, Gobernua, Armada nahiz Agintariak gutxiesteko kutsua duten» berriak hedatzea eta «bilerak, hitzaldiak eta manifestazioak egitea helburu berarekin», orobat «grebak eta antzeko ekitaldiak gauzatzea helburu politikoz edo ordena publikoan nahasmendu larriak eraginez».
Bestalde, gainera, Gerra Kontseiluak epaitzeko zerabilen prozedura oso zabarra zen. Epaiak zera izaten ziren Guardia Zibilak edo Poliziaren Brigada Politiko-sozialak (BPS beldurgarriak) egindako txostenen kopia huts-hutsak, prozesatuek egin edo esan zutenari buruzkoak. Hobeki esan, Guardia Zibilak edo politiko-sozialak erabakitzen zuen zer egin edo esan zuten prozesatuek. Huraxe zen justizia frankista.
Esana eta idatzia dugu lehen ere:
Burgosko gerra kontseilua epai politiko bat izan zen, justiziaren gortetik kanpo ebatzi zena, epaiketan jokatzen zenaren aldekoen eta kontrakoen mobilizazioarekin. Bateratsu gertatu ziren kontseiluko saioak eta kanpoaldeko gatazka; eta eduki aldetik auzi bera egon zen bai barnean eta bai kanpoan. Akusatuek eraso egiten zuten eta erasoka defendatzen ziren justizia aretoan. Eta epaileek eta akusatuek emandako arrazoiak eta hartutako jokabideak kanpoaldean eman eta hartu ziren berak dira. Politiko hutsak.
Burgosko gerra kontseiluak oso itxura berezia hartu zuen. Alde batera utzi zen defentsa klasikoaren teknika oro. Harturiko sistema positiboa izan zen defentsarentzat. Burgosko prozesua haustura bat izan zen, herriaren esku hartzearekin gauzatua. Edo, ñabardura handiagoz esanda, herrien esku hartzearekin gauzatua.
Abokatu defendatzaileen zeregina izan zen ez estaltzea ke laino batekin konfrontazio politikoaren gordina. Hala, abokatuak, une oro defendatuekin koordinatuta, ez ziren jardun kontseiluan beren defendatuen estrategia eta diskurtso politikoak estaltzen. Haien esku hartzeek ez zuten trabatu prozesua; aitzitik, bere egiazko testuinguru naturalean kokatu zuten, bera baldintzatzen zuten indar politikoen konfrontazioaren legeari utzita. Biziki garrantzitsua da gogoraraztea konfrontazio politiko horretan akusatuen alde izandako herri mobilizazioa eta, jakina, mobilizazio politikoa. Grebak eta manifestazioak Euskadin eta Espainiako Estatu osoan. Ez bakarrik abokatuak, intelektualak eta ikasleak... Euskadin, herri osoak eta, batez ere, langile klaseak jo zuen greba orokorrera. Aurrez aurre aritu ziren Polizia armatuarekin eta Guardia Zibilarekin. Jendea zauritu zuten, eta Eibarren, hil egin zuten Roberto Perez Jauregi.
Akusatuen deklarazioak direla eta, erabaki zutenez epaiketa baliatzea beren ideologiaren erakustaldi politiko bat egiteko eta erregimena salatzeko, presoek itaunketa fasean emandako erantzunek nahiko panorama zabala ematen dute bai beren jardunaren helburuena eta pentsaera politikoarena eta bai Euskadiko egoera politiko dramatiko, ekonomiko eta sozialarena. Meliton Manzanas hiltzeko «beharra» (sic) barne, Gipuzkoako Brigada Politiko-sozialeko komisarioburua bera. Prozesatu gehienek onartu zuten ETAkoak zirela zein kargu zuten zehaztuz eta, bi militantek izan ezik, baita beren zereginak eta jardunak zein ziren ere. Manzanas hiltzeagatik akusaturiko seiek ukatu egin zuten leporatzen zitzaiena, nahiz eta, beste batzuek bezala, ekintza horren aldekotasuna agertu zuten. Eta guzti-guztiek adierazi zuten Euskal Herriaren askapen nazionala eta soziala zutela helburu.
Gobernu militarrak justizia areto gisa berregokituriko gela hartan, ETAko hamasei akusatuak Espainiako Estatu faxistaren akusatzaile bihurtu ziren. Eta, itaunketa hura aldarrikapen ideologikorako eta salaketarako erabiltzeko helburua beteta, epaiketa, ezinezkoa zena, puskatu egin zen. Akusatuak aretotik aterarazi zituzten indarrez. Prentsa eta ikusleak haizatu egin zituzten. Bakarrik gelditu ziren justizia aparatua osatzen zuten militarrak eta abokatu defendatzaileak. Dena den, ordurako, ETAko akusatuek debekatu egin zieten abokatuei euren defentsan aritzea. Eta abokatuek akusatuen borondatea bete zuten.
Tentsio unerik handienak eta bizienak honela joan ziren, ordena kronologikoan: batetik, presoek beren itaunketetan egindako deklarazioak; bestetik, epaiketaren haustura totala, azken presoak itaunketa amaitu eta Gerra Kontseiluari GORA EUSKADI ASKATUTA oihuztatuta eta, amaieran, preso guztiak Eusko Gudariak kantari; eta, azkenik, Gerra Kontseilu hautsi hartan, banan-banan eta bereiz sarraraziak eta ateraraziak izan zirenean, preso bakoitzari bat-batean eta laburrean garunetik eta bihotzetik ateratako esaldia. Hiru une horien edukiak bat datoz, eta batasun horrek erakusten du zer izan zen juizio hura preso politiko akusatuentzat.
Burgosko epaiketa frankismoaren kontrako dei orokor bat bihurtu zen. Akusatuak antifrankismoaren sinbolo bihurtu zirenez, Espainiako Estatuan elkartasun handia sortu zen, eta, are, munduan; Euskal Herrian, gizarte klandestinoak kalea irabazi zuen, eta ordena frankistaren indarrei modu irekian egin zien aurre.
Burgosko prozesuak agertoki berria abiarazi zuen, eta, aldi berean, konfrontazio prozesu berri bat erregimenaren kontra. Alde horretatik, gogorarazi baino ez erregimen frankistak nolako zalantzak eta ahuldadea erakutsi zituen Burgoskoekberen burua defendatzeko erakutsitako indarrarekin eta konbentzimenduarekin eta batez ere haien aldeko mobilizazio fronteak erakutsitakoarekin (Europa eta Ameriketako herrialdeak barne), horrek esperantza sorrarazi baitzuen —eta sektore askotan segurtasuna— erregimen frankista zaurgarria eta eraisgarria zela.
Espainiar nazionalismo amorratu bat agertu zen Francori omenaldia eginez Ekialdeko Plazan; frankismoaren «barne etsaiaren» figurari —zeina komunismoak eta langile klasearen erakundeek osatzen baitzuten—, urte batzuk lehenago, beste indar bat batzen joan zitzaion, gero eta indar handiagoa hartzen ari zena, «separatismo terrorista eta komunista», azkenerako muturreko oposizio antifrankista bat osatu zuena estatuko lurralde guztietan.
Hala, armadak eta Poliziak, nahiko lan baitzuten oposizio orokortu horrekin —zeinak «iparraldean» are oposizio armatuaren zantzuak ere hartu baitzituen—, ez zuten trabarik jarri oposizio demokratikoaren parte bat eta erregimenaren sektoreetako beste bat elkarrekin diktaduraren erreleboa prestatzen hasi zirenean, une hartan, demokrazia parlamentariora aldatzeko. Burgosko epaiketa, beraz, frankismoaren alternatibaren saio orokorra izan zen.
Bestalde, Burgosko ETA erreferentziazko erakunde gisa ageri da erregimenaren aurkako talde, erakunde eta mugimendu guztien elkargunean. Besteak beste, langile mugimendu gero eta indartsuago eta hazkorrago horretan. Are gehiago, ETA katalizatzaile gisa jardun zen konfrontaziorako batasun prozesu horretan. Ez formalki baina bai errealki. Burgoskoa gertatu zenean, zentzuzkoa zirudien pentsatzea gizartean subjektu kolektibo historiko bat eraikitzen ari zela. Herria hegemonia lortzen ari zen gatazkaren eremuan, eta berriz ari zen aldarrikatzen, gainera, Euskal Herriaren burujabetza nazionalerako eskubidea.
Burgosko epaiketa gogoratzeko modukoa da epaiketako ekintzetako askorengatik eta, gehienbat, izan zituen ondorio sozial eta politikoengatik. Hala berean, komeni da gogoraraztea zer zen justizia erregimen politiko hartan. Deskribatu dugu jada nolako argumentuak, prozedurak eta bermeak erabiltzen zituen prozesu judizial militar batek. Gogoratu, urte haietan, jurisdikzio militarrera joaten zela erregimenaren aurkako edozein manifestazio politiko. Gogoratu sistema judiziala eratzeko nolako arbitrariotasuna zegoen eta nola zegoen erabat erregimenak oposizioaren aurka egindako politika errepresiboen mende. Horrek bide ematen du gaur egungo sistema judizialarekin konparatzeko. Zalantzarik gabe, desberdina. Gaur egun, ordea, badira prozesuak, ustezko frogak, erabakiak, epaileak, auzitegiak, poliziaren egintzak eta kartzelatzeak, garai madarikatu hura gogorarazten dizkigutenak eta guztiok nahiko genituzkeenak zintzoki eta konbentzimendu osoz iraganekotzat jo.
Ezin gara isilik gelditu, ordea, ikusita nolako paradoxa den, batetik, gaur den egunean, Espainiako Gobernuak berak, berandu, oso berandu, Memoria Historikoaren Lege bat proposatu izana zeinak (azkenean!) EZEZTATZEN BAITITU auzitegi frankistak eta auzitegi haiek berak emandako epaiak; eta, bestetik, ezeztatze horrek dakartzan galdera ikur beldurgarriak: nola itzuli bizia Burgosko epai kriminal haiek gauzatu izan balituzte hilaraziak izango ziren haiei? Nola itzuliko diegu bizia 1975ean fusilatu zituzten bost lagunei, Txikiri, Otaegiri, Baenari, Sanchez Bravori eta Garcia Sanzi? Eta 1936an hildako milaka horiei? Justiziaren amnesiak kriminalitate zantzuak hartzen ditu, ez bada berehala eta irmo jarduten; izan ere, 1977an hasia behar zuen, sistema frankistaren haustura eskatuz, trantsizio izeneko konpontxoak eta itunak egin beharrean. Hainbeste biktimaren biziak jada ez dago berreskuratzerik. Haien borroka aldarrikatu besterik ez zaigu gelditzen, eta legez dagokien duintasuna ematea.
Burgosko Prozesuan doi-doi errekuperatu ziren sei lagunen biziak, herri mugimendu handi hari esker baino ez. Azken paragrafo hau azpimarratu nahi dugu; izan ere, oraingo belaunaldiek ez lukete inoiz ahaztu behar duela 50 urteko ikasgai hura.