Bizitza osoa Txikiren ondoan izan da
Antonia Manot hil da, Txikiren ama
Antonia Manot Jon Paredes Txiki-ren ama hil da. Diego Paredes semeak eman du hilberriaren berri X sare sozialean. Manot Espainiakoa zen jaiotzez, baina 1962an Zarautzera (Gipuzkoa) etorri zen bizitzera. 94 urterekin zendu da.
Manoten semea 1975eko irailaren 27an fusilatu zuten, Angel Otaegi ETAko militantearekin eta Xose Humberto Garcia Baena, Ramon Garcia Sanz eta Jose Luis Sanchez Bravo FRAPeko kideekin batera. 1975eko abuztuan eta irailean lau gerra kontseilu egin zituzten, eta, guztira, ETAko eta FRAPeko 11 militanteri ezarri zieten heriotza zigorra. Irailaren amaieran, 11 horietako bost fusilatu egin zituzten Madrilen, Burgosen (Espainia) eta Bartzelonan. Datorren urtean beteko dira 50 urte.
Urtero egiten diete omenaldia Txiki eta Otaegiri, eta Manotek ez du horietako bakar bat ere galdu. Txikik Zarauzko hilerrian du panteoia, eta bertan egiten diete lore eskaintza. 40. urteurrenean BERRIAri emandako elkarrizketan, Manotek gogoratu zuen semea hil eta gero erasoak jasan zituztela, eta alde egin behar izan zutela. Halere, babes asko ere jaso zuten. «Nik esaten dut: semea galdu dut, baina beste asko irabazi ditut».
Haimar Altuna Sortuko Nazio Kontseiluko kideak Manoten omenezko mezu bat zabaldu du X sare sozialean; emakume «nekaezintzat» jo du, eta elkartasuna adierazi die senideei.