Biktimen Lege berria
Berria.- 2016.07.29
Ander Perez Zala
Eusko Legebiltzarrak onartu egin du 1978 eta 1999 artean Espainiako Estatuko funtzionarioek eragin dituzten biktimak aitortzeko lege proiektua, EAJren eta PSE-EEren aldeko 41 botorekin. EH Bilduko 19 legebiltzarkideak abstenitu egin dira, eta aurkako 11 boto jaso ditu, PPrenak eta UPDrena. Legeak, besteak beste, aintzat hartuko ditu ikertu gabeko salaketak, eta tratu txarrak jasotakoek ez dute jasoko kalte ordain ekonomikorik.
Legearen alde bozkatzea "giza eskubideen urraketan aurrerapausoa" dela esan du osoko bilkuran EAJko Iñigo Iturratek, baina zehaztu du ez dela azken pausoa izango. Biktimei aitortza eta ordaina berme osoz egiteko beharra azpimarratu du. Garrantzitsuena biktimei erantzuna ematea dela uste du, eta abiapuntu gisa kokatu du legea. Gainera, ohartarazi du beste alderdiek aurkeztutako zuzenketek arriskuan ezartzen zutela legea. Horrez gain, legeak idaztean izandako maximalismoak salatu ditu Iturratek. PPren "interes eta engaiamendu" falta kritikatu du, eta ziurtatu du legeak segurtasun eta berme juridikoa ematen duela. PSErekin adostutako aldaketek legea hobetu dutela esan du.
PSEko idazkari nagusi Idoia Mendiak Iñigo Urkulluri eskatu dio hurrengo urratsak "ziurrak" izan daitezela, eta legearekin aurrera jarrai dezala. Gogorarazi du euren gain hartu dutela biktimen "erreparazioa" lortzea. Esan du onartutako legea "bidegabe sufritu eta ahaztuak" izan direnentzat dela.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du lege "integral" bat nahi duela koalizioak, edozein testuingurutako biktimak kontuan hartzeko. Agerraldietan entzundako iritziak "ontzat" jo ditu. Gogorarazi du biktimek "denbora gehiegi" itxaron behar izan dutela erakunde publikoek bidea hasi duten arte. "Azken emaitza gure gustukoa ez den arren, ezin ditugu biktimak bakarrik utzi". "Egiaren batzordea" sortu nahi dutela adierazi du Arzuagak bilkuran, baina eztabaida faltak ez duela hori ahalbidetu. Legea "hobetu" daitekeela ziurtatu du, eta gogorarazi ez dituztela aintzat hartu 1978. urtea baino lehen izandako biktimak. Biktimek "oraindik borrokatu" egin beharko dutela uste du.
PPko Carmelo Barriok adierazi du legeak "zalantza eta ziurgabetasun juridiko ugari" duela, eta ez dela Eusko Legebiltzarraren eskumena lege hori aurrera eramatea. Ohartarazi du legea onartu izanak "arazo asko" sortuko dituela, eta salatu du eztabaida sakonagoa egiteko aukera oztopatu dela; horregatik, uste du ez dutela behar bezala landu. Legearen testuingurua kritikatu du Barriok, "zaila" delako horretaz hitz egitea; galdetu du nola frogatzen den biktimak arrazoi politiko baten atzean daudela. Nabarmendu du "motibazio politikoa" ez dela azalpen juridiko bat.
UPDko Gorka Maneiro legebiltzarkideak argudiatu du "presaka eta hauteskunde interesen arabera" prestatu dutela legea, eta Espainiako Konstituzioaren "aurka" doala. Gainera, uste du "polizia gehiegikeriak gutxiengo" batek egin dituela.
BERRIAK aurreratu zuen bezala, legearen asmoa "bizikidetza normalizatzen eta iraganaren memoria kritikoa eraikitzen laguntzea" dela jasotzen du idatziak. Beraz, 1978-1999ko gertaerak ezagutarazi, artxibo publikoetan zaindu eta aitortza sustatzeko "neurri aktiboak" hartu beharko ditu Jaurlaritzak.
Biktimak aitortzea "agindu etiko eta demokratikoa" dela jasotzen du idatziak. "Agente publikoek bere lanean zuzenean edo zeharka eragindako urraketen biktimak" jaso behar ditu eskubideen urraketen memoriak, testuaren arabera. Aldiz, biktimak "parekatuko dituen diskurtsorik gabe" egitea eta "gatazka politiko batek eragindako bi bortizkeriaren arteko enfrentamendu gisa" aurkeztu gabe egitea agintzen du".