Biktima guztien oroitza.
BIKTIMAK
Memoria Osoa sareak salatu du Biktimen Oroimenezkoa «diskriminatzailea» dela
Edurne Begiristain
Berria
Memoria Osoa sarea osatzen duten Euskal Herriko elkarte memorialistek agerraldia egin dute gaur goizean Gasteizen, bihar inauguratuko duten ETAren biktimen omenezko memorialaren inguruan irakurketa egiteko. Salatu dute zentro horren izaera «diskriminatzailea» dela, eta bizikidetzaren aurkako «erasotzat» jo dute. Nerea Martinez eta Josu Ibargutxi Memoria Osoa sarearen izenean mintzatu dira agerraldian: «Une historiko honetan, giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituen proiektu eta dinamika eraikitzaileak eta integralak behar ditugu», adierazi dute. Hala, norbanakoei eta kolektiboei dei egin diete bihar, eguerdiko 12etan Gasteizko Foruen plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzeko. Memoria osoa bizikidetzaren alde, giza eskubideen urraketen arteko diskriminazioari ez lelopean deitu dute bilkura.
Memoria Osoa sareko kideek salatu dute bihar ateak zabalduko dituen Biktimen Memoriala «planteamendu baztertzaile» batean oinarritzen dela, besteak beste, estatuaren aparatuek eragindako indarkeriaren milaka biktima kanpoan uzten dituelako. «Zentro horrek bere edukiak antolatzeko erreferentziatzat hartzen duen data 1960 urtea da. Data hori guztiz ausazkoa da diktadura frankistaren erdian, eta ez dator bat estatu terrorismoak bere forma ugarietan lehenago edo geroago eragindako sufrimenduaren mapan jaso behar den errealitatearekin: fusilamenduak, epaiketaz kanpoko exekuzioak, tortura,...». Sarearen ustez, une historiko honetan giza eskubideen urraketa guztiak kontuan hartzen dituzten proiektu eta dinamika «eraikitzaileak eta integralak» behar dira.
EH Bilduren kritika
EH Bildu ere oso kritiko agertu da memorialarekin. Unai Urruzuno eta Eba Blanco EH Bilduko ordezkariek agerraldi batean salatu dute «biktimen kategorizazioa finkatzeko tresna» bat izango dela bihar irekiko duten zentroa: «Biktima batzuk lehen mailakoak izango dira, beste batzuk bigarren mailakoak, hirugarren mailakoak edota laugarren mailakoak. Eta beste batzuei biktima izaera bera ere ukatzen zaie». EH Bilduren irudiko, «bunker memorialista» bat izango da zentro hori, eta bizikidetza eraikitzeko baino gehiago, «batzuen aurka erabiltzeko tresna» bat bilakatuko da, euskal gizartean ia babesik ez duen «kontakizun zehatz eta partziala» sustatuko duena. ETAren biktimen oroimenezkoa irekitzea, herri ikuspegitik «arduragabekeriazko ekintza» bat izango dela gaitzetsi du koalizioak, halaber.