Bidangotzen frankisten esklabutza

2016/06/20
Frankisten esklaboek, askatasunari gorazarre. Frankismo garaiko esklaboei omenaldia egin diete Igariko gainean. Ekitaldian, frankistek esklabo izandako Luis Ortiz eta Vicente Lacasia egon dira, baita Nafarroako Gobernua ere. Memoria aldarrikatu dute.

Berria.- 2016.06.20

 

Luis Ortiz, Vicente Lacasia eta Josefina Lanberto, omenaldian.
Luis Ortiz, Vicente Lacasia eta Josefina Lanberto, omenaldian. IDOIA ZABALETA / ARP.

 

Iker Tubia

 

Askatasuna aparteko kontua da. Gora askatasuna!». Vicente Lacasiak Igariko gainean (Nafarroa) botatako aldarria da. Burgin sortu zen (Nafarroa), bitan erbesteratu behar izan zuen, eta Maulen bizi da orain. Marokon eta Kanaria uharteetan esklabo lanetan aritu zen, frankisten esanetara. Horregatik, urtero frankismoko esklaboei egiten dieten omenaldian egon zen atzo eguerdian, «hunkiturik», aitortu zuenez. Harekin izan ziren Luis Ortiz Alfau garai hartan esklabo izandakoa, eta Josefina Lanberto, Maravillas Lanbertoren ahizpa. Frankistek Maravillas bortxatu, hil, eta haren gorpua zakurrei bota zieten, jan zezaten.


Askatasunari gorazarre egiteko, eta memoria aldarrikatzeko; nagusiki, horretarako bildu ziren Igarin memoria historikoaren alde lanean ari diren hainbat elkarte eta lagun. Izan ere, Nabaskoze eta Igari lotzen dituen errepidea 2.344 antifaxistak egin zuten, frankistek esklabo zituztela. Ortiz izan zen han bortxaz lanean aritu ziren antifaxistetako bat.

Gonbidatu nagusiek, Lacasiak, Ortizek eta Lanbertok, esker hitzak izan zituzten guztientzat. Lanbertok gogora ekarri zuen haiek bizitako sufrikarioa: «Non zen jainkoa? Zergatik ahantzi gintuen? Nik ez dut deusetan sinesten: fede izpirik txikiena ere kendu ziguten». Ortizek gogora ekarri zuen askatasunaren aldekoak zigortu egin zituztela, frankistek berek gerran suntsitutakoa eraikitzera behartuz. Baina esperantza hitzak izan zituen: «Guztion artean egiten ari garen lana oso garrantzitsua da, eta uste dut hemendik oso gutxira argitara aterako dela dena, hau berriz ere gerta ez dadin».

Testigantza horietaz gainera, ekitaldian hainbat momentu hunkigarri izan ziren, hala nola esklaboei eta frankismoko biktima guziei egindako lore eskaintza, aurreskua eta Maite Menek bere aitatxiri eskainitako kanta. Frankistek hil zuten, Torrero kartzelaren atarian. Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatu zuen omenaldia, eta hainbat jendek hitz egin zuen.

Instituzioen babesa

Nafarroako Gobernuan aldaketa izan zenetik, horrelako ekitaldietan ohikoa da instituzioen presentzia. Atzo, han ziren Ana Ollo gobernuko bozeramailea, Alvaro Baraibar Bake eta Bizikidetza idazkaria, eta Jose Miguel Gaston Memoria Historikoaren arloko arduraduna. Gastonek gobernuaren egitasmoen berri eman zuen, eta hitzeman zuen 2013ko Errekonozimendu eta Erreparazio Moralerako Foru Legea garatuko dutela. Nafarroako memoria historikoaren guneak identifikatu, eta katalogo batean bilduko dituzte: «Errepublikazale anitzek lan egin zuten eta hil ziren toki hauek markatu, eta duintasunez jantziko ditugu».

Beste alor batzuk ere jorratu ziren ekitaldian. Adibidez, Jose Ramon Urtasuni mikrofonoa utzi zioten, Jaime Ignacio Del Burgok salaketa jarri diolako erakusketa batengatik. «Ez dugu barkamenik eskatuko; ez gara kikilduko faxisten aurrean», esan zuen. Irmotasunez hitz egin zuen Natalia Nilo Ferrari etorkin txiletarrak ere. Bere esperientzia kontatu zuen, ez hango eta ez hemengo sentitzeak dakarren sufrimendua. Europako mugan errefuxiatuekin gertatzen ari dena ere gogor salatu zuen, «faxismoaren ernamuina» delakoan. «Migrazioa ezin da kriminalizatu», bukatu zuen.

Tortura ere izan zuten hizpide. Adriana Goikoetxea eta Fernando Armendariz mintzatu ziren, Amnesty International elkartearen izenean. 156 estatuk sinatu dute torturaren aurkako konbentzioa, baina azken bost urteetan kasuak dokumentatu dituzte 141 herrialdetan. Zigorgabetasuna salatu zuten, eta Armendarizek mezua bidali zien memoria errepidearen azpian lurperatu nahi zutenei: «Saiakera alferrik izan da, inoiz baino ozenago aldarrikatzen baitugu errepide azpiko hezurrak baino, guregan ernatzen diren hazi emankor horien memoria».