Bertsio ofiziala gezurtatzen duen errealitateak

2026/04/21
Martxoaren 3ko biktimei omenaldi beroa egin diete Gasteizko Europa jauregian; elkarteak antolatutako lehen ekitaldi instituzionalean egia eta justizia eskatu dute: «Bertsio ofiziala munstro erraldoi bat da»
Martxoaren 3ko sarraskia. 50 urte

Estatuaren «inpunitatea» salatu eta biktimen «duintasuna» goratu dute omenaldi batean.

Martxoaren 3ko biktimen senideak omendu dituzte ekitaldi hunkigarri batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Martxoaren 3ko biktimen senideak omendu dituzte ekitaldi hunkigarri batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko otsailaren 28a
Berria

Memoriaren, justiziaren eta duintasunaren aldeko aldarri ozen batek hartu du gaur Gasteizko Europa jauregiko areto nagusia. Lehen lerroan, 1976ko martxoaren 3ko biktimak, haien senideak eta azken bost hamarkadetan biktimen elkartearekin elkarlanean aritu diren lagunak. Aretoa jendez lepo. Oholtza gainean ikur bat: memoria eta borroka irudikatzeko ukabil beltza. 

Ekitaldia mugarria izan da Martxoaren 3ko Biktimen Elkartearentzat: 1999an sortu zenetik antolatutako lehen ekitaldi instituzionala izan da, eta 50. urteurreneko egitaraua antolatzeko Gasteizko Udalarekin sinatutako hitzarmenari esker egin ahal izan da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, «zor historiko bati erantzuteko» urratsa izan da.

1976ko gertakarien aurretik gertatutakoak gogoratuz ekin diote ekitaldiari, eta bideo batek testuinguruan jarri ditu garai hartako langileen mobilizazioak. Irudiek eta testigantzek duela mendi erdiko tentsioa ekarri dute gogora: beharginen batzarrak, greba orokorra, kaleetako mobilizazioak, Poliziaren errepresioa...

Nazioarteko elkartasuna ere izan da oholtzan. Tony Doherty Derryko Igande Odoltsuan britainiarrek hildako hamalau irlandarretako baten semeak hitz hunkigarriak esan ditu. Derryko familien maitasuna eta elkartasuna helarazi die bertaratutakoei, eta bereziki gogoratu ditu Pedro Maria Martinez Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Peredaren senideak, baita Vicente Anton eta Juan Gabriel Rodrigoren familiak ere: «50 urtez baino gehiagoz egon dira egiaren zain».

Martxoak 3
Tony Dohertyk hitza hartu du omenaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Dohertyk azaldu du Derryko familiek urte luzez aurre egin behar izan ziotela estatuaren gezurrezko kontakizunari, harik eta 1990eko hamarkadan belaunaldi berriak altxatu ziren arte egia eta justizia exijitzeko eta «nahikoa» zela esateko. 2010ean egia aitortu eta barkamena eskatu zieten arren, justizia falta dutela ohartarazi du. Zigorgabetasunaren harresiak salatu ditu, eta hala ere «burua tente» dutela azpimarratu. Hala, amore ez emateko deia egin die Martxoaren 3ko familiei: «Egia nagusituko da».

Memoria, herriaren kronika

Hitzak, irudiak, isilune hunkigarriak, txaloak eta musika izan dira ekitaldian. Izareren poesia akustikoak eta Campanades a mort piezak dolua eta samina ekarri dituzte aretora; greba orokorrari eta asanbladari buruzko bideoek, berriz, sarraskiaren aurreko eta ondorengo egunen samina gogorarazi dute.