Bergarako epaile bati eskutitza

2018/02/23
Irailaren 26an Bergarako Auzitegian aurkeztu zuen Arrasatek frankismoaren aurkako kereila Udaleko alderdi politiko guztien babesarekin. Kereilaren helburua zen garaiko gertakariak salatu, horiek ezagutzera eman eta frankismoak eragindako giza eskubideen aurkako krimenak ikertu eta epaitzeko urratsak ematea. Epaitegiak, ordea, Arrasatek egindako lehen urrats hori ezeztatu zuen. Honen harira Juan Ramon Garaiek, Libek eta Miren Bengoak eskutitza idatzi diote Bergarako epaileari.

Mondraberri.com 2018.02.21

 

 (id: 541810)

Testua eta argazkiak: Juan Ramon Garai, Libe eta Miren Bengoa. 

 

Ez gara lege gaietan oso  jakitunak… baina jakin badakigu, eta oso ondo, gure familiak pasatutakoak 1936ko urriaren 21ean Ondarretako espetxetik libre utzita gero, zelan faxistek, Juane, aita-aitajauna, Hernaniko kanposantura eraman eta erail zuten egun horretan, beste 20 pertsona zibilekin batera. Ordutik  desagertuta daude, orduko epaile baten erabakiari esker. Hark ere, zuk bezala, Arrasateko Udalak Frankismoaren Krimenen Aurkako kereilaren kasuan, ezarritako legea bete zuen. Bera, Ramiro Llamas komandanteak, faxistek Donostian jarria zuten epaile bereziak deklarazio batzuetan esan zuenez, Arrasatetik espetxera zetozen guztiek espedientea eginik zuten. Fusilatu besterik ez zen geratzen. Hura izan zen errepresio antolatua, planifikatua eta baimendua, matxinoen agintarien aldetik. Gerrako krimenen arduradunak izan ziren.

 Espediente horiek prestatu zituztenak, agintaritza militarra zuen teniente koronela Latorre  eta alkatea Jesus Gorosabel ziren. Eta Salatariak, berriz, herritarrak izan ziren, eta ezagunak.

 Senarra erail baina asebete ez. Errepresioak luze iraun zuen. Ez zen fusilamenduekin amaitu. Ama-Amandreak esaten zigun:  Zenbat burla! Esaten zieten: “Gizona bizirik eta butrua jantzita! Gizona bizirik eta butrua jantzita! (barreak)

 Fusilatuen senideei ez zieten lanik ematen. Senarra Union Cerrajeran 26 urtean lana egindakoa zen, lan eske joan nintzen, eta esan zidaten: “Pues mire, Benita, no tenemos orden de coger a las mujeres de los hombres fusilados, no tenemos orden de coger, así es que…”

 Salatarien ondoan bizi behar izan zuten fusilatuen senideek, haiek kalean ikusten egunero. Minduta, baina isil-isilik. Une larri asko igaro zituzten.

 Urte askoan ezin izan zuten esan ere egin senideak hil zituztela. Epaitegietan jasota datozen fusilatuei buruzko lehen heriotza agiriak dira 1944koak, zortzi urte pasatu eta gero. Heriotza agiri batzuetan jartzen du: etxetik desagertu zen. Beste pertsona batzuei buruz, ematen du bizi ere ez zirela egin, ez dago heriotza agiririk, erregistratu ere ez zituzten egin. Beste batzuetan: suzko armen zauriek hilda, frontean balaz zaurituak izan ziren Liberazioaren gerraren ondorioz, gerra ekintzak,… hala erregistratu ziren heriotzen arrazoiak, kasu batean ere ez da agertzen zehatz zelan hil ziren, eta gaur egun ere horrela jarraitzen dute epaitegietan.

 Beste asko bezala, Benita, eta Juanen seme-alabak, eta ilobak ere, murgildu ginen borrokan diktaduraren aurka. Ez genekien ezer lortuko genuenik, baina aurrera egiten jakin genuen.

 Baina belarrondoko galanta eman ziguten 1977ko Amnistia legeaz eta hurrengo urteko Konstituzioaz. Non bietan legeak jartzen ziren herrien eta pertsonen eskubideen eta justiziaren gainetik.

 Hainbeste urte pasatu eta gero, justizia egitea hiltzaile eta salatari batzuekin gaur zaila da. Baina bada posible euren Memoriarekin, hau da, gertatutakoen berri epaile batek onartzea eta behingoz argitzea. Baina hori egiteko kapazak ez diren epaileak, nahiz eta Estatuko oraingo lege ezarria bere alde izan, ez zarete izango epaile justuak Frankismoaren biktimarentzat.

 Berdin tratatzea biktima guztiak besterik ez dugu eskatzen. 

 Eta horretarako badago beste legalitate bat: Frankismoaren krimenak Gizateriaren Krimenak direla, eta preskriba ezinak.

Miguel Ángel Rodríguez Arias legelariak ondo dioen bezala, zeina aditua den nazioarteko zuzenbide penalean, desagertu behartuen delituek ez dute preskribatzen. Delitu hori da etengabe burututakoa.

 Nuremberg-go Auzitegiaren estatutua definitu zen honela: "krimenak gizateriaren aurka", erailtzea, sarraskia, esklabotasuna, deportazioa eta beste edozein ekintza gizateriaren aurka, biztanleria zibilaren aurka, edo jazartzea erlijioagatik, arraza edo politikagatik, ekintza edo jazarpen horiek egiten direnean loturik edozein krimenekin bakearen aurka edo edozein gerra krimenekin”.

 Gizarte iraindua da estatuez harago dagoena, eta ez du preskribatzen Nuremberg-go Auzitegiak tipifikatu zuenetik 1946an.

 Nazioarteko zuzenbidea dago estatuko edozein araudiren gainetik.

 “Amnistia Legeak ez du ezelako efektu juridikorik krimenak eginez gero gizateriaren aurka. Ezein amnistia legek du halakorik”.

 Pentsatzen dugu ondo baino hobeto dakizuela nondik nora doan araudia, eta horregatik guri geratzen zaigu bakarrik pentsatzea ez zaretela ausartzen halako tamainako saltsa batean sartzen. Horregatik, eskatzen dizuegu esateko argi eta garbi gu engainatu nahian ibili barik, ez gu ez iritzi publikoa.

 

Libe Bengoa Eraña

Miren Bengoa Azkoaga

Juan Ramon Garai Bengoa

Juane eta Benitaren alaba eta bilobak

Arrasateko Udalak, Bergarako epaitegian, aurkeztutako kereilaren partaideak.