Beranduegi, agian
Estatu indarkeria
Pasaiako sarraskiko poliziak identifikatzeko saio bat egingo dute
Pasaiako sarraskiaren iraganak orainaldira itzultzeko aukera bat izango du, hiltzaileek urte askoan saihestu duten orainaldi judizialera esan nahi baita. Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegiak Joseba Merino deitu du aurrez aurreko identifikazio proba batera, Pasai Donibanen (Gipuzkoa) hildako Komando Autonomo Antikapitalistetako lau militanteen hiltzaileren bat identifika dezakeen ikusteko. Merino da sarraski horretatik bizirik atera zen militante bakarra, 1984ko martxoaren 22an. Beste lau komando kideek 113 tiro jaso zituzten Polizia operazio horretan.
Ikusi gehiago: Joseba Merino, Pasaiako segadako lekukoa: «Ez genuen espero, identifikazio saioa egitea beti ukatu baitigute»
Pasaiako sarraskian parte hartutako zenbait polizia identifikatu ditu Merinok, hedabideetan zabaldu diren bideo eta argazkietan, eta martxoaren 28rako deitu du epaileak identifikazio probara. Hala, bide judizial berri bat zabaldu dute Pasaiako segada eta fusilamenduei dagokienez. Auziak ia 40 urteko ibilbidea egin du epaitegietan, baina ikerketak oztopo gehiegi izan du aurrera egiteko, eta hura ixteko saio ugari egon dira, gainera. Horregatik, Merino bera «ezustean» harrapatu du epailearen deiak, abisu hori iritsi delako Pasaiako Polizia operazioan parte hartutakoak identifikatzeko egon diren traba askoren ondoren.
Modu batera edo bestera, Gipuzkoako Probintzia Epaitegiak auzia zabaldu du berriro, eta egin beharrekotzat jo du sarraskiaren lekuko bakarrak bideoetan ikusitako ustezko errudunak identifikatzea eta polizia horiei deklarazioa hartzea identifikazio probak emaitzak balitu.
Gerra zikinaren itzala
Pasaiako sarraskiaren testuinguru historikora jo behar da Komando Autonomoetako lau kideen hilketaren zergatiak aurkitzeko. Izan ere, Felipe Gonzalezen (PSOE) agintaldi luzearen hasieran izandako gerra zikinarekin loturiko gertakari nagusietako bat da. Sarraskia gertatu baino urtebete lehenago eratu zuten GAL, 1983an. Bada, 1984ko martxoaren 22ko bezperetan, Rosa Jimeno oriotarra bahitu zuen Espainiako Poliziak, hura ere Komando Autonomoetako kidea, eta, torturapean, behartu egin zuten hildako militanteekin Pasaiako badian hitzordua egitera.
Taldea itsasoz iritsi zen Pasai Donibanera Lapurditik, gaueko 22:00ak baino minutu batzuk geroago, eta tiroka hartu zituen Poliziak. Lurrera zetozen bost lagunetatik lau hil zituzten: Pedro Mari Isart eta Dionisio Aizpuru azpeitiarrak, eta Rafael Delas eta Jose Maria Izura irundarrak. Joseba Merino bosgarren taldekidea izan zen bizirik atera zen bakarra. Hamazazpi urte egin zituen espetxean, hilabete bat lehenago Enrique Casas PSEko kidearen hilketarekin zerikusia zuelakoan.
Joseba Merinok maiz azaldu duenez, Poliziak ez zituen lau kideak segadaren lehen kolpean hil. Aizpuru eta Delas atxilotu egin zituzten, Merinorekin batera. Azken hori taldetik banatu zuten, Merinok berak kontatzen duenez, eta beste biak han bertan hil zituzten. «Hil egin behar duzue», esan zieten, alboan zegoen lekukoaren arabera, «eta tiro egin zuten».
Gau hartan tiro egin zuen agente bat identifikaturik duela esan dio BERRIAri Joseba Merinok, argazkietan eta bideotan ezagutu duela zibil jantzita. Zer arma zeraman ere gogoan du: «Eskopeta bat».
Casas eta «mendekua»
Estatu terrorismoaren ekintza gisa sailkatu dute askok badiako sarraskia. Lau militanteen hilketa gertatu baino hilabete bat lehenago Enrique Casas Gipuzkoako PSEko idazkari nagusi eta senatariaren aurkako atentatua egin zuten; 1984ko otsailaren 23an hil zuen talde batek Casas. Hamabi urte geroago, Ricardo Garcia Danborenea Bizkaiko PSEko idazkari nagusi ohiak GALen sorrerarekin nahastu zuen Casas epailearen aurrean. Danborenea bera zazpi urteko kartzela zigorra jaso zuen GAL auziagatik.
Bada, Casasen hilketak lurrikara politiko handia eragin zuen, eta historialari batzuek, Komando Autonomoetako kide ohiek bezala, «mendeku» ekintza batekin lotzen dute Pasaiako badian gertatu zena. Orain, berriz, justiziak zabaldu duen bide berriak argi gehiago eman diezaioke gertakari ilun horri, hilketan parte hartze zuzena izan zuten batzuen identifikazioa lortzeko aukera bat baita.
Gauzak horrela, Joseba Merino identifikazio proba duen egunerako elkarretaratze batera deitu dute, Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean. Martxoaren 28rako da ordua, 09:00etan, baina baliteke agendak aldaketaren bat izatea, prokuradoreen greba dela eta.