Ausartuko da espainiar gobernua?

2018/09/20

Amnistia Legea indarrik gabe uzteko eskatu du NBEko kontalariak

2018ko irailak 19 IBAI MARURI BILBAO, Berria
   0  
«Espainiak indargabe utzi behar du Amnistia Legea; frankismoaren krimenen arduradunak ikertu, epaitu eta zigortu egin behar ditu». Fabian Salvioli NBE Nazio Batuen Erakundeko Egia, Justizia eta Erreparaziorako kontalari berriak gogo onez hartu du Francisco Franco diktadorearen gorpua Erorien Haranetik ateratzeko erabakia. Uste du monumentuak definizio berri bat behar duela, biktimekiko «desohorea handitzeari» utz diezaion. Baina, «pauso positiboa» iruditu zaion arren, frankismoko eskubide urraketen biktimen «sakoneko erreparazioa» lortzeko neurri gehiago eskatu ditu.

Salvioli Madrilen izan zen atzo, Espainiako Diputatuen Kongresuko Memoria Batzordean. Jardunaldi batean hartu zuen parte, EAJ, EH Bildu, Unidos Podemos eta Compromiseko diputatuekin. Kontalariak uste du Espainiako Estatuak «oker» erabili duela adiskidetze kontzeptua. «Adiskidetzea ez da biktima batek bere torturatzailea barkatzea. Hori zer da? Adiskidetzea Estatuarekiko konfiantza berreskuratzea da, estatuak zure eskubideak bermatzen dituela ikusten duzulako. Eta hori soilik lor daiteke justiziaren bitartez». Frankismoaren aurka ipinitako kereilak oztopatu izana gaitzetsi du, eta hori egiteari uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. «Zer zuzenbide irakasten da herrialde honetako fakultateetan? Gizateriaren aurkako delituetan bi aukera daude: edo epaitu edo estraditatu». Iruditzen zaio Espainiako Estatuak Argentinako kereilarekiko erakutsi duen jarrera «surrealista» dela. 

Gogor salatu du Espainiako Botere Judiziala, haren ustez giza eskubideen nazioarteko zuzenbidea «mespretxatu» egin duelako. «Nazioarteko zuzenbidea ez da aukera bat. Zuzenbide nazionalaren parte da; obligazioa da. Estatuek ezin dute aukeratu. Justizia egitean ez du zuzenbideak huts egin; borondate politikoak egin du huts». Salvioliren esanetan, nazioarteko zuzenbidean «behar beste tresna» daude frankismoaren «inpunitatea» hausteko. Espainiako epaile eta fiskalek giza eskubideen arloan «prestakuntza falta» dutela esan du, eta hori zuzentzeko eskatu dio Pedro Sanchezen gobernuari.