Aurrera doa kereila
FRANKISMOAREN KRIMENAK
"Nahi dut aitortzea helburu politikoengatik torturatu nindutela"
2016-12-21 / Berria
1975ean jasandako torturez hitz egiteko, Bilboko 7. Instrukzio Epaitegian da Tasio Erkizia, Maria Servini frankismoaren krimenen aurkako kereila zuzentzen duen Argentinako epaileak hala eskatuta. 10:30ean zuen hitzordua epaitegian, eta bertan azaldu du "tortura basatiak" egin zizkiotela: "Bederatzigarren egunean eraman ninduten erietxera, konorterik eta pultsurik gabe".
Azaldu duenez, ETAkoa izatea egotzita atxilotu zuten, eta libre utzi zuten gero, kargurik gabe. 29 egun eman zituen zainketa berezietan "hil ala bizi", eta beste hiru hilabete ospitalean. Urtebete eman zuen bajan torturen ondorio psikiko eta fisikoengatik: "Inoiz ez dut ulertu zergatik atxilotu ninduten eta zergatik horrenbesteko indarkeria".
Erkiziari elkartasuna adierazteko, elkarretaratzea egin dute auzitegiaren aurrean.
Bizipenak eta hausnarketak liburua argitaratu berri du Erkiziak, eta 1975eko testigantzen inguruan ere mintzatzen da bertan. BERRIAk igandean argitaratutako elkarrizketan aitortu zuen kostatu zaiola horri buruz idaztea: "Hori orain arte idatzi gabe neukan, eta kostatu zait, baina, aldi berean, ondo etorri zait, Paco Etxeberria-eta egiten ari diren txostenerako kontakizun hori baliagarria izan zaidalako. Dena dela, niri egindakoa kasu bat baino ez da: Euskal Herrian badira 5.000 kasu, identifikaturik eta nahiko frogaturik, eta orotara, nik dakidala, 10.000 kasu inguru daude".
Joan den astean, Julia Lanas Zamakolari hartu zioten deklarazioa, Gernika-Lumon.