80 urte, eta argitzeko zain
Berria.- 2016.07.22
Otxandioko bonbardaketaren 70. urteurrena gogoratzeko ekitaldia, 2006an. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS
Ibai Maruri Bilbao.-
Orduan ere santamañak ospatzen ari ziren Otxandion (Bizkaia). Espainiako militarrek estatu kolpea eman eta lau egunera, Andikona plaza gainera hiruzpalau kiloko hainbat bonba bota zituzten bi hegazkinek. 61 pertsona hil ziren erasoan. 80 urte beteko dira gaur. Urteurren biribila gogoan hartuta, Otxandioko Udalak frankismoa gaitzesteko adierazpena onartuko du arratsaldeko ezohiko osoko bilkuran. Eta diktaduraren aurkako kereila prestatzen hasteko erabakia ere babestuko dute ordezkaritza duten bi alderdiek —EH Bilduk eta EAJk—: Argentinako kereilarekin bat egingo dute, eta Espainiako justiziaren aurrean beste bat ipiniko dute.
Urtzi Armendariz alkateak azaldu du erabakiaren helburu nagusietako bat: «Frankismoak inpunitate osoa izan du orain arte. Gerra haren irabazle izan zirenak herrian bizitza normalizatua egin ahal izan dute. Eurentzat, ez du ondoriorik izan gatazkan izan zuten jarrerak. Beraz, bada modu bat biktimei esateko erakunde publikoak eurekin daudela eta badakigula zorra dugula eurekin». Aitortu du epaitegietan norbanakoek baino indar handiagoa egin dezaketela erakunde publikoek. Gerrarekin zer ikusia izan dezakeen edozeinek kereilarekin bat egin beharko lukeela iritzi dio. Otxandioko kasuan, bereziki, Andikonako bonbardaketagatik ipiniko dute.
Matxinatuek uste zuten estatu kolpea ematean azkar eskuratuko zutela agintea; ez zuten gerrarik espero. «Euren indarra erakutsi nahi zuten. Horretarako egin zuten bonbardaketa. Eta, bide batez, beldurra sartzeko», azaldu du Jon Irazabal Gerediaga elkarteko kide eta historialariak. 36ko gerrako lehen bonbardaketa izan zen Euskal Herrian. Baina zergatik Otxandio? «Ezin da seguru esan. Baina estatu kolpea eman zutenean, frontean geratu zen. Legutio [Araba] izan zen matxinatuen aldeko azken herria, eta, errepublikanoen aldeko lehena, Otxandio. Muga horretan zegoelako aukeratu zutela esango nuke». Gainera, egun haietan militarrez beteta zegoen herria: batetik, Bilbotik etorritako milizianoak zeuden; bestetik, Errepublikaren armadako Garellano erregimentuko soldaduak.
Andikona plaza bonbardatu zuten, plaza nagusiari eraso egin beharrean. Iturrian dago gakoa, Irazabalen esanetan. «Udaletxe aurrekoa handia da, dotorea, baina garai hartan isurtzen zuen urak burdina zeukan. Ezin zen sukaldean erabili. Horregatik, otxandiarrak Andikonako iturrira joaten ziren. Umeak ere han inguruan ibiltzen ziren uretan olgetan. Plazak bizitza itzela zuen. Eta militarrek ere hantxe atondu zuten euren kanpalekuko sukaldea, ura eskura izateko. Hegazkinek soldaduen kamioiak ikusi zituztenean, zuzenean egin zuten erasoa, plazan ur bila joandako andreak eta olgetan zebiltzan umeak bazeudela jakin arren».
Urte askotan, Bilboko Lezama-Legizamon anaiei egotzi izan zaie erasoaren ardura. Baina gerora frogatu da beste bizkaitar bat izan zela pilotuetako bat: Angel Salas Larrazabal urduñarra. 20 urte zituen. Estatu kolpearen egunean Madrilen zegoen. Hegazkina hartu eta Iruñera etorri zen, Emilio Mola jeneral kolpistaren esanetara jartzera. Molaren eta Francisco Francoren pilotua izan zen. Diktadura sasoian, Erromako, Berlingo, Lisboako eta Parisko enbaxada espainiarretan militar atxikia izan zen. Haren ibilbideak saria jaso zuela azaldu du Irazabalek: «Dibisio jeneral legez bukatu zuen karrera militarra. 1991n Juan Carlos I.ak kapitain jeneral izendatu zuen: Espainiako armadan ematen den galoirik handiena eman zion Otxandio bonbardatu eta 61 lagun hil zituenari. Eragindako kaltearen aitortzak duen garrantziaz egingo dute berba gero».
Salas Larrazabalek Jesus izeneko anaia historialaria du. Aire erasoetan aditua dela zehaztu du Irazabalek. «Aitortu du anaia izan zela erasotzailea. Baina hildakoak zazpi izan zirela esaten du: lau militar, iturrian zegoen andre bat eta neskato bi. Errebisionismo historikoaren aldekoek gertaerak aitortzen dituztenean, garrantzia kentzen ahalegintzen dira».
Horregatik, justizia egiteko ardura duten erakundeek gertatutakoa argitzen laguntzea nahi dute otxandiarrek, alkatearen berbetan: «Biktima bakoitza nor izan zen eta zelan hil zuten jakin behar da». Osoko bilkuraren ostean, euren testigantzak kontatuko dituzte bonbardaketa bizi izan zuten lekuko batzuek. Otxandion gerrak utzitako aztarnak bisitatuko dituzte, 20:00etan hasiko den ibilaldi batean, eta, geldialdi bakoitzean, lekuko bat izango dute zain. Domeka eguerdian, azkenik, herri omenaldia egingo diete.