49 urte zain

2024/10/04
Josu Mujika Aiestaranen sendiak argi du segada batean hil zutela. Ez dute ahazteko 1975eko uztailaren 30ean eta ondorenean bizi izandakoa.

«Atxilo zezaketen, baina hil egin zuten»

Mujika Aiestaran sendia, Josu Mujika Aiestaranen irudi batekin. GOTZON ARANBURU / FOKU Mujika Aiestaran sendia, Josu Mujika Aiestaranen irudi batekin. GOTZON ARANBURU / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 30a
Berria

Legazpi (Gipuzkoa) borborrean zegoen 1970eko hamarkadan. Beste hainbat herriren eta hiriren gisan, industrializazio bete-betean, Patricio Echeverria burdindegia zen enpresa nagusienetakoa. Frankismoaren amaiera zen, eta aldaketa gogo bizia zegoen kalean. Hala dute gogoan Josu Mujika Aiestaranen senideek eta bikokide ohiak. Mari Karmen, Regina eta Jose Mari Mujika Aiestaranen, Josuren anai-arrebak, Aitor Gine Mujika iloba eta Maria Jesus Lezeta bikotekide zuena elkartu ditu BERRIAk, Legazpin. Mikel Lejarza El Lobo-ren kontrako kereila jarri dute, haren hilketan parte hartu izana egotzita. ETAn infiltratutako polizia zen El Lobo. Hilketa hartan parte hartu zuela aitortua du zenbait hedabidetan emandako elkarrizketetan, azkena urtarrilean, Radio Euskadin. Madrilen izan ziren gertakariak, 1975ean, gaurko egunez duela 49 urte.

Sendiak ez du ahazteko orduko Legazpiko giroa. Langile mugimendu bizia zegoen, eta kaleak hartzen ari ziren era guztietako aldarriak. Josu Mujika ETA pm-n sartu zen. Haren komandokideak atxilotu zituztela jakin zuenean, etxetik ihes egin zuen, 1975eko apirilaren amaieran. Nortasun agiri faltsua zeukan: Marcos Perez Gonzalez. Urte hartako uztailaren hondarrean, Lezeta bikotekidearekin elkartu zen Otzaurten, Zegaman, Gipuzkoan, eta hari esan zion kanpora joan behar zuela eta irailean deituko ziola. Lezetak gogoan duenez, esan zion konfiantzarik ez ziola ematen komandoko kide batek, baina dena lotua zegoen Madrilen, eta aurrera egin zuen. Segoviako kartzelatik ihes egin behar zutenentzako nortasun agiri faltsuak plastifikatzeko makina alokatzea zen Madrilen zuten egitekoa. Madrilen, autoan zihoazela, Polizia segika zutela sumatu zuten. Autoa geratu eta korrika ihesi zihoazela tirokatu zuten Mujika. Komandoko beste bi kideek ihes egitea lortu zuten. Laugarrena El Lobo zen. Segada bat izan zela ez du zalantzarik sendiak: «Atxilo zezaketen, baina hil egin zuten», esan du anaiak, Jose Mari Mujikak.

Lezetak ez zuen haren berri gehiago izan. «Irratian entzun nuenean Madrilen tiroketa izan zela eta izena esan zutenean, ezagutzen nuen haren nortasun agiri faltsuko izena, eta banekien bera izan zela. Senideengana joan nintzen esatera». Baina bizimodu normalean segitu behar izan zuten. Herritarren begietara, desagertuta segitzen zuen. 

Orain jakin dutenez, Julian Mujika, Josuren aita, Legazpiko Guardia Zibilaren kuartelera deitu zuten handik egun gutxitara, galdeketa egiteko. Madrilgo 12. auzitegitik Legazpiko kuartelera komunikazio bat egon zela topatu zuten, eta jartzen zuen aita galdekatu zutela. Legazpiko bake epaitegira ere igorri bide zuten Josu Mujikaren argazkia, hildakoa hura zela baieztatzeko. Orduko hartan Prudentzio Larrañaga zinegotzia zen, eta hark ere ikusia izango zuen argazkia. Gerora, familiako beste kide batzuei esan baitzien gorpua «balaz josia» zela. Gorpua, baina, Madrilgo Almudenako hilerrian hobiratu zuten, nortasun agiri faltsua zuela argudiaturik. Frankismoan hala jarduten zuten inork erreklamatzen ez zituen gorpuekin.

Lau bertsio ofizial iritsi zitzaizkien heriotzaren inguruan, baina egiazkoa bat ere ez zela uste dute senideek: bere buruaz beste egin zuela, Poliziarekin komandoak izandako aurrez aurrekoan hil zela, atxilotu eta bihotzekoak jota hil zela, eta autoan sartu zutela, irteten saiatu, eta ihes egiteko saio horretan hil zela.

Txillida bitartekari

Abuztua aurrera joan ahala hasi zen zabaltzen herrian Josu Mujika Aiestaran zela Madrilen hil zutena. Sendia agurtzeari utzi zioten herritar askok, eta, hori gutxi balitz bezala, Poliziak familiari jazarri zion denboraldi batean. «Zumaiako Itzurungo hondartzara joaten ginen, eta Polizia han izaten genuen atzetik; beste batean, alabarekin ortopediara nindoala ere gizon bat segika izan nuen», dio Regina Mujikak. Lezetak dio ez zuela gainditu hura; Donostiara joan zen bizitzera.

Almudenako hilerrira jo zuen sendiak, gorpua handik ateratzeko eskatzera, herriratzeko. Urte eta erdian ezingo zutela atera esan zieten. Susmoa dute ez zutela ikusterik nahi gorpua, jaso zutenerako ilea, hortzak, azkazalak eta hezurrak baino ez zeudelako. Eduardo Txillida eskultorea ibili zen bitartekari, Mujika Aiestaranen gorpua herriratu zezaten. Izan ere, Julian Mujika burdin forjatzailea zen, eta Txillida Haizearen orrazia eskulturak lantzen ari zen urte haietan. Burdin forjatzaileak behar zituen, eta Patricio Echeverriara jo zuen. Hogei laguneko lantaldea elkartu zuen Txillidak eskultura haiek lantzeko. Tartean zen Julian Mujika. Madrilen boterea kudeatzen zutenekin hari zuzena zeukan Txillidak, eta, sendiaren arabera, hark ere erraztu zuen Legazpira ekartzeko bidea. 

Ez dute, baina, segada hartan gertatukoaren espedienterik lortu oraindik. Bila aritu dira, eta badakite Madrilgo artxibo militarrean dagoela.

Dolua

Duela lau urte hasi ziren auzia mugitzen, eta horrekin batera barrenak astintzen. Egin gabeko dolu baten mina piztu zaie, baina sendatzailea izan dela aitortu dute. Azken hamarkadetan isiltasuna izan da nagusi Mujika Aiestaranen etxean. Gine Mujikak dio orain jakin duela haren osaba zenaren berri, orain arte ez zutela hari buruz hitz egiten: «Tabu bat izan da». Eskertu egin dute egindako ariketa: «Futbolzalea zela, pilotan jokatzen zuela... orain hasi gara osaba zena ezagutzen».

Hil zuten lekura ere gerturatu ziren. Legazpitik autobus batean joan ziren. Santiago Bernabeu futbol zelaitik gertu izan zen. Ekitaldi bat egin zuten, eta, Regina Mujikaren esanetan, sendagarria izan zen: «Ondo sentitu nintzen han egonda».

Eusko Jaurlaritzaren giza eskubideen saileko balorazio batzordeak deitu zien auzia aztertzeko. Motibazio politikoko biktimen aitortza eman zien Jaurlaritzak 2023an. Egia administratiboa lortu zuten, baina egia judiziala nahi dute orain. Ez dute inor zigortzerik nahi. 

Bergarako auzitegian (Gipuzkoa) jarri dute kereila bat. El Lobok esan zuen infiltratua ibili zela ETAn, eta berriz egingo lukeela. Jorge Cabezasen kontra ere jarri dute kereila. Polizia komisario horrek, 2003an argitaratutako liburu batean —Yo maté a un etarra: secretos de un comisario de la lucha antiterrorista (Etakide bat hil nuen: borroka antiterroristako komisario baten sekretuak)—, adierazi zuen parte hartu zuela polizia operazio hartan: gertakariak izan zirenean lekukotza eman zuten beste lau polizia armatu eta orduko gobernazio ministro Jose Garcia Hernandez ere sartu dituzte kereilan. Eta «terrorismoaren» kontrako unitateko beste zortzi polizia eta beste hamasei polizia armatu ere bai, zuzenean edo zeharka parte hartu zutelakoan gertakarietan. 

Nazioartera jotzeko prest daude. Ez dute itxaropen handirik, baina aurrera jotzeko gogoz daude: Regina Mujika da senideetan zaharrena, eta, dioenez, agian berak ez du ezagutuko, eta ilobari begiratu dio, hark segi dezan.