41 urteren ostean...
2016/09/28
Erreparazio eta justizia eske, 41 urteren ostean. Otaegiren sendiak kereila kriminala aurkeztu du, frankismoko azken fusilatzeak argitzeko. Hainbat ekitaldi izan dira Gudari Egunean
Berria.- 2016.09.28
Hodei Iruretagoiena
41 urteren ondoren, Azpeitiko (Gipuzkoa) Justizia Auzitegiko atea jo behar izan dute Angel Otaegiren senideek, «erreparazio eta justizia eske». Mertxe Urtuzaga lehengusuaren izenean, kereila kriminala aurkeztu dute Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak eta Mikel Elortza abokatuak, frankismoko azken fusilatzeen erantzukizuna izan eta bizirik dauden hainbat ministroren aurka. Etxeberria: «41 urte geroago, hemen gaude aldarrikatzeko ez dagoela justiziarik familia honentzat. Hiltzaileek izen-abizenak zituzten, eta ardura hartzea nahi dugu».
Elortza abokatuak azaldu duenez, badakite «zaila» izango dela Espainiako Estatuko bidea. Baina agerian utzi nahi dute hori ere, hartara gero, Espainiako auzitegietako bidea agortuta, eta familiak hala erabakiko balu, Argentinara jotzeko. Elortzak salatu duenez, hainbatetan saiatu arren, Otaegiren aurkako gerra kontseiluko sumarioa ere ez dute lortu oraindik, eta hori ere eskatu diete auzitegiei, «oinarrizko informazioa» dagoelako bertan.
Hain zuzen, herenegun jakin zen Espainiako auzitegietan deklaratu beharko dutela Argentinako kereilan inputatu dituzten hemeretzi lagunek. Tartean dira 1975eko irailaren 27an Jon Paredes Manot Txiki-ren eta Angel Otaegiren fusilatzeekin lotu dituzten hainbat arduradun ere: Antonio Carro Presidentetza ministro ohia, Jose Maria Sanchez-Ventura Justizia ministro ohia eta Jesus Cejas armadako kapitaina.
Zarautzen, Txiki gogoan
Urtero gisan, Ahaztuak 1936-1977 elkarteak omenaldia egin zien atzo frankismoko azken fusilatuei, Zarautzen (Gipuzkoa), Txikiren hilobiaren aurrean. Herritar eta senideez gain, bertan izan ziren Sortuko hainbat ordezkari ere, Arnaldo Otegi buru. Aurreko legealdian PSE-EEko legebiltzarkide izandako Patxi Elola ere izan zen han, baita Zarauzko EH Bilduko, EAJko eta Irabaziko hainbat ordezkari ere.
Ahaztuak elkarteak beste hainbat ekitaldi ere egin zituen atzo, iluntzean, frankismoaren aurka borrokatu zirenak oroitzeko: Gasteizko Santa Isabel hilerrian, Deriokoan (Bizkaia) eta Iruñeko udaletxe aurrean.
Bilbon, bestalde, EH Bilduk jakinarazi du, hiriaren bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira, frankismoko errepresioaren biktimak oroitzeko ekitaldiak antolatzeko eskatuko duela biharko udalbatzarrean. Udalberrik eta Goazen Bilbok ere babesa agertuko diete mozioaren bi puntutan.
Gudari Egunaren inguruko ekitaldiek segida izango dute asteburuan ere. Angel Otaegiren senideek deituta, ekitaldia egingo dute larunbatean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 18:00etan, Herriak zutik dirau lelopean.