40 urte behar izan dugu Bizkaiko frankismoren ikurrik nabarmenena kentzen hasteko

2017/05/25

memoria historikoa

Hasi dira Bilboko Moiua plazako ikur frankista kentzeko lanak

Gurtek enpresak aldamioak jarri ditu, eta espero da datorren astean hastea ikurra kentzen.

Espainiako Errepublikaren bandera eta ikurrina, ikur frankista atzen dutela, Espainiako Konstituzioaren Egunean. / Espainiako Errepublikaren bandera eta ikurrina, ikur frankista atzen dutela, Espainiako Konstituzioaren Egunean. / Marisol Ramirez, Argazki Press

Berria

2017-05-22 / Jon Ordoñez

  • Bilboko ikur frankista ezagunenetako bati egun gutxi geratzen zaizkio. Espainiako Ogasun Ministerioak Moiua plazan duen eraikinak arrano frankista du, eta aspaldikoa da hura kentzeko eskaera. BERRIAk baieztatu duenez, Gurtek enpresa hasia da lanean, eta gaur aldamioak jartzekoa zen. Hala ere, ikurra bera datorren asteetan kentzea espero da. Espainiako Ogasun Ministerioak eraikuntza enpresa horri eman dio ikurra kentzeko lana.

Lanaren hondakinak jasotzeko edukiontziarentzako baimena ekainaren 1etik uztailaren 27ra artekoa da. Ondorioz, lanak luze joko duela espero da. Espainiaren armarritik arrano burua, hegoak, hankak eta koroa kendu behar ditu Gobernuak Memoria Historikoaren Legea betetzeko. Lege hori duela hamar urtekoa da. Guztira, 340 metro koadrotan egin beharko dute lan Gurtekeko langileek, frontoi osoa eta hegala garbitu eta iraizgaitz bihurtu beharko dituztelako. 136.500 euroko aurrekontua du lanak.

1954. urtekoa da Moiua plazako ikur frankista hori. Duela gutxi, hiru urte lehenagoko beste bat kentzeko antzeko lan bat egin du Iruñean Nafarroako Gobernuak. Iazko ekainean erabaki zuen Nafarroako Jauregian zegoen Nafarroako armarri ereinozduna ordezkatzea, eta irailean kendu zuten ikur frankista. Horren ordez, beirazko armarri bat ipini du. 1951. urteaz geroztik zegoen hori.