30 urte justiziaren zain
Torturak blaitutako irail hura
Latza izan zen 1993ko irail hura. Abuztuan Juan Calvo Ertzaintzaren egoitzan hil izanak sortutako ezinegona oraindik amatatu gabe zegoela, beste bi euskal herritar hil ziren polizia etxeetan, oso egun gutxiren buruan: irailaren 24an Gurutze Iantziri bihotzak huts egin zion, Guardia Zibilak Madrilen atxiloturik zeukala, eta egun berean, Xabier Kalparsoro Espainiako Poliziak Indautxun (Bilbo) duen egoitzako leiho batetik amildu zen, eta bi egun geroago hil zen Basurtuko erietxean. Berriro ere, torturaren itzalak arrastoa utzi zuen Euskal Herrian, eta agerian gelditu zen polizia etxeetan gertatzen zenaren inguruko susmoak susmo huts baino gehiago zirela. 30 urte beteko dira aurki.
Irailaren 16an, ETAk Juvenal Villafañe guardia zibil erretiratua hil zuen, Andoainen (Gipuzkoa). Beste aldetik, ETAk bahiturik zeukan Julio Iglesias Zamora enpresaburua uztailaren 6tik, eta hura topatu eta askatzeko ahaleginak biderkatzen ari zen Polizia. Atxiloketak ugaltzea ekarri zuen horrek: bahitua Adarra mendian (Gipuzkoa) zegoelakoan, inguruetan zazpi lagun atxilotu zituzten irailaren 20 eta 21ean, horien artean Julen Irastorza, Gurutze Iantziren senarra. Hurrengo egunetan sarekadak jarraitu zuen: orotara, hogei atxilotu bost egunean.
Iantzi irailaren 23an atxilotu zuten, Urnietan (Gipuzkoa), agindu judizialik gabe. 31 urte zituen, eta HBko zinegotzia zen herri horretan. Antiguako (Donostia) Guardia Zibilaren polizia etxera eraman zuten, eta handik Tres Cantosera (Madril), Guardia Zibilaren komandantziara, inkomunikaturik.
Bertsio ofizialaren arabera, Iantzik adierazi zuen bularrean mina zuela, eta auzitegi medikuak antibiotiko bat emateko agindu zuen, baina handik gutxira konortea galdu zuen eta Tres Cantosko osasun etxera eramaten ari zirelarik zendu zen, bihotzekoak jota.
Bertsio hori ez zetorren bat gainerako atxilotuek aske gelditutakoan adierazitakoarekin. Haietako zenbaitek torturak salatu zituzten: itolarria eragin izana plastikozko poltsa bat buruan jarrita, kolpeak, irainak eta abar. Iantziren garrasiak entzun zituztela ere deklaratu zuten.
Auzitegi medikuek egindako autopsiaren arabera, tronbosi batek eragin zuen heriotza. Familiak aukeratutako mediku bat ere egon zen autopsian: hark, autopsia egiteko moduaz zalantzak agertzeaz gain, adierazi zuen «zantzuak» zeudela tronbosi hura «beste norbaitek eragindako biolentzia fisikoak» sortutakoa ote zen. Auzia itxi egin zen, Colmenar Viejoko epaitegiak (Espainia) «heriotza naturala» izan zela ebatzita. Iantziren kontrako akusaziorik ere ez zen egon, eta inoiz ez da argitu zergatik atxilotu zuten.
Beste atxiloketa bat
Iantzi atxiki zuten egun berean beste atxiloketa bat izan zen Durangon (Bizkaia), baina hori askoz ezohikoagoa izan zen. Bi udaltzainek gazte bat harrapatu zuten, antza denez furgoneta bat lapurtzen saiatu ostean, eta polizia etxera eraman zuten. Geroago adierazi zutenez, gazteak portaera arraroa zuen eta «drogatuta» egotearen zantzuak erakusten zituen. Hasieran, udaltzainek pentsatu zuten hura ohiko lapurreta zela, baina Carlos Bueren epaileak udaltzainen egoitzara igorritako fax baten bidez hura Espainiako Poliziaren esku uzteko agindu zien, ETAko kide bat zelakoan.
Izan ere, Xabier Kalparsoro zen atxilotutakoa, 26 urteko zumaiarra, oso gazte zenetik ezker abertzalearen militante ezaguna eta 1991z geroztik ETAko kide bilakatua. Poliziek Indautxura eraman zuten, eta han, bertsio ofizialaren arabera, bere burua bota zuen bigarren pisuko leihotik. Bi egun eman zuen koman Basurtuko ospitalean, eta irailaren 26an hil zen, Iantziri Urnietan lur eman zioten egun berean.
Kalparsororen heriotzak zalantza eta puntu ilun ugari utzi zituen, berez aski sinesgaitza baitzen inkomunikaturik eta Lege Antiterroristapean zegoen atxilotu batek modua topatzea poliziei muzin egin eta leihotik salto egiteko. Baina susmoek beste bide ilunago bat hartu zuten egun batzuk geroago ETAk agiria plazaratu zuenean. Horren arabera, Kalparsorok aitortu zion erakundeari abuztuaren amaiera aldera Ertzaintzak atxiloturik egon zela, tarte horretan torturatu eta drogatu egin zutela, eta gero libre utzi zutela, hari jarraituz ETAko kide gehiago atxilotuko zituztela iritzita.
Iantziren kasuan ez bezala, Kalparsororen auzia epaiketara iritsi zen 2000ko apirilean, eta «zuhurtasun gabezia» leporatu zieten lau poliziari. Biri sei hilabeteko zigorra ezarri zieten, eta ez zuten espetxera sartu behar izan. Ertzaintzaren ustezko atxiloketari dagokionez, Bilboko Argibideetarako Epaitegiak 1994ko urtarrilean artxibatu zuen salaketa, eta kasu horren ingurukoak ez dira inoiz argitu.
Egiari Zor eta Hegia memoria elkarteek ekitaldi bat egingo dute irailaren 26an Xabier Kalparsororen herrian , Zumaian (Gipuzkoa), 19:00etan, Gernika parkean, Egia jakiteko garaia da lelopean. Ekitaldiaren helburua da, Kalparsoro gogoratzeaz gain, duela 30 urte gertatutakoaren inguruan argibideak eskatzea. Iantzi ere oroituko dute ekitaldian.