1976ko Martxoaren 3ko emakumeek beren jarduna goratu dute

2018/03/06
Emakumeak izan dira protagonista Martxoaren 3an. 1976ko eta egungo egoera parekatu dute.

Memoria osatu du Gasteizek

Milaka pertsona bildu ziren Gasteizeko kaleetan, Martxoaren 3ko manifestazioan.Milaka pertsona bildu ziren Gasteizeko kaleetan, Martxoaren 3ko manifestazioan. JUANAN RUIZ / RGAZKI PRESS 

Jon Rejado

2018ko martxoak 4 
Berria
   0  
Martxoaren 3ko memoria osatzeko pausoa irudikatu zuten, atzo, Gasteizko kaleetan: 1976ko sarraskiaren kontakizuna biribiltzeko urratsa egin zuten. Emakumeen hitzak aldarrikapenen lehen lerroan jartzeko beharra erakutsi zuten: barrikadak jarri zituzten emakumeen hitzak; gurpilak erre zituztenenak; gizonen soldata bera aldarrikatu zutenenak; zaurituak sendatu zituzten emakumeenak; poltsa hutsen martxa egin zutenenak. 1976ko eta egungo borrokak parekatu zituzten, eta, kontakizun horien bitartez, Martxoaren 3ko biktimen elkartearen aldarria hauspotu zuten: egia, justizia eta ordaina gauza dadila, 42 urte igaro eta gero.

Milaka pertsonak bete zuten kalea. Buruan Guztion indarrak batuz, aldaketa gauzatu lelodun pankarta eraman zuten herri mugimenduetako zortzi emakumek. Manifestazioa antolatu zuten sindikatuek eta Martxoak 3 elkarteak, Martxoaren 8ko greba feministari keinu egin, eta bertan parte hartzeko eskatu zuten, horrela. Herri mugimenduetako kideak joan ziren, atzetik. Horien lana goratu zuen Nerea Martinez Martxoak 3 elkarteko kideak. Urteetan «borroka bizirik» mantentzeko egindako lana eskertu zien, baita administrazioa mugiarazteko «hauspo lana» egin izana ere.

Halaber, Martxoak 3 elkarteak «memoria eredu baztertzailea» ezartzeko ahalegina salatu zuen. «Espainiako Gobernuak errealitatearekin zerikusirik ez duen kontakizun bat inposatu nahi digu, eta erabaki nortzuk diren biktima eta nortzuk ez garen». Giza eskubideen urraketa oro jasotzen duen memoria aldarrikatu zuen Martinezek, Martxoak 3 elkartearen izenean. Hori lortzeko eskari zuzena egin zien Eusko Jaurlaritzari eta Gasteizko Udalari. «Ez babestu Terrorismoaren Biktimen Oroimen Zentroa».

Goizetik iluntzera arte

Aurreko aldarrikapenekin batera, Gasteizko sarraskiaren 42. urteurrena Espainiako Poliziak hil zituen langileak gogorarazteko eguna izan zen: Pedro Maria Ocio, Francisco Aznar, Romualdo Barroso, Jose Castillo eta Bienvenido Perea. Martxoaren 3ko gertaera salatzeko protestetan Poliziak hil zituen bi pertsonen oroimena ere gogoratu zuten: Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Antonena. Lehena Tarragonan hil zuten (Herrialde Katalanak), eta bigarrena, Basaurin (Bizkaia). 

1976ko sarraskia gogorarazteko ekitaldiak goizean goiz hasi zituzten. Ehunka lagun bildu ziren San Frantzisko elizaren inguruan, duela 42 urte Poliziak milaka langile eliza barrutik tiroz aterarazi zituen leku berean. Biktimen oroitarria lorez apaindu zuten. LAB, UGT eta CCOO sindikatuek gogora ekarri zituzten Espainiako Poliziak hil zituen bost langileak. Halaber, orduko eta gaur egungo lan gatazkak oroitu zituzten, eta langileen borrokaren beharra nabarmendu. PSE-EEko eta Irabazi Gasteizko ordezkariak ere plazan izan ziren.

EH Bilduk omenaldia egin zien Poliziak Zaramagan hil zituen bost langileei. Aurreskua eskaini zien hildakoen senideei, baita sarraskian zauritu zituztenei ere. Miren Larrion legebiltzarkideak aldarrikatu zuen 1976ko borrokak indarrean dirauela, gaur egun ere, belaunaldi guztietara zabalduta. Emakumeen borroka ere nabarmendu zuen. «42 urte behar izan ditugu emakumeek egin zutenaz ohartzeko, baina geratzeko heldu da».

Kalean ez ezik, 1976ko martxoaren 3ko oroimena pantaila handira ere heldu zen. Euskal Zinemaren Astearen azken eguna baliatuta, Gasteiz, Martxoak 3 filmaren trailerra erakutsi zuten, lehenengoz.