Historia berreskuratuz

23/03/2026
Faxismoari aurre egiteko 1937an Asturiesen borrokatu zuten gudariei buruzko ikerketa egin du Arantzazu Rojok, bertan aritu zirenen izenak berreskuratu eta espedizioaren egunez eguneko kronologia egin dutelarik. Izenak ez dira publiko egingo familienganako errespetuarengatik.
Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
naiz

Asturiesen 1937an borrokatu zuten gudarien izenak berreskuratu ditzute, ikerketa baten bidez

Arantxa Tapia (Sabino Arana fundazioa), Ion Gambra (Gipuzkoako Aldundia) eta Arantzazu Rojo (Zumardikoak), Hondarribian egin duten ikerketaren aurkezpenean.Arantxa Tapia (Sabino Arana fundazioa), Ion Gambra (Gipuzkoako Aldundia) eta Arantzazu Rojo (Zumardikoak), Hondarribian egin duten ikerketaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

1937ko otsailan Eusko Gudarosteak Asturiesera bidali zuen espedizioaren inguruko ikerketa egin du Arantzazu Rojo ikerlariak Gorka Ortegaren zuzendaritzapean, bertan bigarren brigadan parte hartu zutenen izenak biltzea lortu dutelarik. Horrela nabarmendu du gaur Hondarribian Zumardikoak elkarteko kide honek, Gipuzkoako Aldundiko Giza Eskubideen eta Memoria Historikoaren zuzendari Ion Gambra eta Sabino Arana Fundazioko presidente Arantxa Tapiarekin egin duten aurkezpenean. 

Dena den, izen horiek ez dituzte jakitera eman, familienganako errespetuarengatik, baina Rojok azpimarratu duenez Excel batean gordeta daude, zerrenda osoa eta zehatza delarik, etorkizunean ikerketa gehiagoren oinarria izan daitekeelakoan, desagerturik daudenen gorpuak topatzeko adibidez. 

Honekin batera, duela 89 urte eman zen espedizioaren egunez eguneko kronologia egitea lortu dute, Arecesen izan zen sarraskiari –bertan hll zen espedizioaren buru zen Kandido Saseta– arreta berezia eskainiz. Ikerketan ere Asturiesen hildako eta beren gorpuak non dauden ezagutzen ez den gudarien biografiak ere lortu dituzte.

Ikerketaren laburpen bat Sabino Arana fundazioaren ‘Hermes’ aldizkarian argitaratu dute. 

Rojok azaldu duenez, ikerketan jatorrizko dokumentuak aztertu dituzte, garaiko teletipoak, gudarien nominak eta antzekoak. 

Kandido Sasetatik abiaturik

2017an hasitako ikerketa honen abiapuntua Kandido Saseta izan da. Rojok azaldu duenez, militarra izanik 1936ko gerra hasi zenean Gasteizen zegoen destinatua, baina ez zuen matxino faxistekin bat egin, «demokrazia eta askatasunaren aldeko hautua egin zuelarik». Gauzak horrela, Donostiako Gobernu Zibilera jo zuen eta faxistei aurre egiteko eskaini zuen bere burua. Ondoren, Eusko Gudarostearen sorrerari ekin zion eta Gipuzkoaren defentsan aritu zen. 

1937an, Bilbo setiaturik zela, Eusko Jaurlaritzak Asturiesera brigada bat bidali zuen faxisten mehatxua pairatzen zuen Uvieu askatzeko helburuarekin. 5.000 gudaritik gora joan ziren Asturiesera eta otsailean 963 baja izan zituzten. «Zifra hauek han aritu ziren baldintzak zein larriak izan ziren erakusten dute», adierazi du Rojok. 

Esfortzu itzela

Bizkaian faxistei aurre egiteko beharrezkoak ziren gudariak, ezinbestekoa zen material militarrarekin batera, Asturiesera bidaltzeak Jose Antonio Agirre lehendakariaren «konpromisoa» erakusten duela esan du Rojok. Gobernu errepublikanoari emandako hitza errespetatu zuela adierazi du, erabaki honek Eusko Jaurlaritzan eta EAJn bertan desadostasunak eragin bazituen ere, indar horren lehentasuna Bizkaia defendatzea izan behar zuelakoan. Asturiesera bidalitakoaren kopurua handia izan zen, bai gudariei dagokienean, zein armak, munizioak eta osasungintzan aritzen zirenei dagokienean.

«Ikuspegi militarretik gudariak Asturiesera bidaltzeak ez zuen logikarik. Izugarrizko gizakien galera izan zen. Eta emozionalki ere kolpe latza izan zen», laburbildu du Rojok. Bi hilabeteren ondoren, Gernika eta Durangoko bonbardaketak izan ziren. Pixka bat beranduago, Bilbo erori zen. 

Egoera larri honen adierazle da Rojok aurkezpenean erakutsi duen dokumentu bat: espedizioko batailoietako buruek Euskal Herrira itzultzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzako Defentsa sailburuari igorritako eskaera.

Gambrak eta Tapiak «demokraziaren eta askatasunaren alde borrokatu zuten» gudarien memoria gordetzea eta zabaltzearen garrantzia nabarmendu dute. «Gogoratzea ez da zauriak berriz irekitzea, baizik eta egia eta aintzatespena eskaintzea zilegitasun demokratikoa eta denontzako Euskadi duina defendatu zutenentzat, egoera benetan zailetan egin baitzuten», nabarmendu du Tapiak.

Aurkezpen ekitaldia amaitzerakoan, omenaldia egin diote Sasetari Hondarribiko hilerrian.