Egin lapurtu zioten
Paternalista ez. Liderra bai. Berritzailea, gertukoa, umoretsua, langilea. Ahotsik ez dutenen ahotsa izatearekin konprometitua. Kazetaria, letra larriz, adierazpen askatasunaren ikonoa. Are, jenioa ere bai, eta maisua. Arantzarik bada GARAren erredakzio gero eta gazteago batentzat, 'Salu' zeritzon harekin biderik ez egitea da. «Zuzendari maitearekin».
Gaur da urtebete Jabier Salutregi Mentxaka zendu zela eta, ezinbestean, berea ere baden egunkari eta atari honek 'Egin'-en lema hartu zuen haren aitortzarako testua jaso behar du, haren hutsuneak utzitako zauria artean itxi gabe dela. Atrebentzia litzateke, baina, ezagutu ez zuenak idaztea; hori dela eta, Artefaktuaren bidetik tira eta tira egin, orri zaharretan nabigatu, eta lankide, lagun, etxeko, izan zituen hainbatek hari buruz idatzitako lerroak juntatu ditugu hemen. Eta bide batez, konprobatu dugu, harekin biderik egin ez arren, 'Salu'-k utzitako lorratza iritsi dela gaurdaino.
Nola agurtu zuten Jabier Salutregi GARAko lankide eta lankide ohiek? «Bere inteligentzia naturalaz gain, umore erregaitza zuen (Les Luthiers-en zale amorratua zen) eta gertukoa zen tratuan. Maitekorra zen denekin. Kantauri itsasoa bezalakoa zen, batzuetan barea, besteetan suharra», idatzi zuen Fermin Munarrizek GARAko obituarioan. Egun horretan, 'Egin'-eko azkenengo zuzendariaren heriotzaren biharamunean, titular motza, zehatza eta zuzena eraman zuen egunkariak azalera: «Agur 'Salu', zuzendari». Halako titularrak gustatzen omen zitzaizkion berari ere.
Orri batzuk atzerago, Martin Garitanok ere itsasoarekin alderatu zuen. «Gure itsasoa, Kantauri itsasoa bare-bare ikusten dogun bakoitzean, Jabi barrezka gogoratuko dogu, eta, urak harrotzen diranean, gure Saluk, orro artean, gure kontra ezpata zorrotz eta txispa zaharrekin zetozenean ze-nolako indarra erakusten eban gogoratuko dogu».
Earekin maitemindutako deustuarrak –herri bizkaitarrean egin zioten hil osteko omenaldia; Amaia Ereñaga kazetariak jaso zuen– gaur GARAren erredakzioa bisitatuko balu, gustura ikusiko luke asko direla kazetari gazteak, gogoz hartuko luke boligrafo Pilot urdina eta testuak goitik behera zuzendu, hobetu, eta, ahaztu gabe, erakutsi, behinola gaur zahar –heldu!– direnekin egin zuen modura. Garitanorekin, kasurako. «Ondo ederki gogoratzen ditut garai gogorrak, baina ahaztuko ez dodana da Jabik gazteon alde egindako apustu sendoa. Aurrekoen ezagutzatik, belaunaldi barrien alde bere konfiantza eta irakasteko kapazitatea jarriz. Bera kapitain zaharraren lekutik, gazte langile eta baliente hareik kimuak izatetik haritz sendoak bihurtzeraino», idatzi zuen duela urtebete bizkaitarrez, Salutregik hainbeste maite zuen euskalkian.
Hesola zut
1992ko maiatzean izendatu zuten Jabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendari. Eta urte horretako azaroan, 'Egin' berria aurkeztu zuen, metamorfosi hartan hilabete batzuez lan eskerga egin ostean. Koloretan zetozen 'Egin'-eko lehenengo orriak, diseinua goitik behera aldatuta, mantxeta bertikalean. Apustu sendoa izan zen.
Aldaketa iraultzaile horrekin nahikoa ez eta, antza, bestelako eraberritze batean pentsatzen ari zen zuzendaria. Hesola bat iltzatu nahi omen zuen, hari soka bat lotu, eta sortzen zirkunferentziara mugatu egunkariaren ildo editoriala. Hala azaldu zuen Iñaki Altuna NAIZeko zuzendariak, sinetsita Salutregik iltzatu zuen hesola horren segida dela gaurko GARA, lorratz hori, Kantauri itsasotik datorren zipriztina.
Baina 'Egin'-en etorkizuna ez zen koloretakoa, eta zuzendariak bidegabekeria izugarriak zituen zain. 1999an 'Egin' itxi zuten, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Eta orduan hasi zen 17 urte iraun zuen infernu-aldia 'Salu'-rentzat. 2008an sartu zuten espetxera eta zazpi urte eta erdi eman zituen zuloan, 18/98 makroprozesuan kondenatuta. «Dena da ETA» aterkiaren azpian ez zen gotorlekurik orduan.
'Egin'-en lan egin zuen Bixente Vrignon kazetariak Kazetan kontatu zuenez, «bi begi beltz eta mustatxa grisa» erakutsiz atera zen Burgosko espetxetik 2015ean, kartzelaren traumak bizi eta sufritu ostean. Baina ohartarazpen garbi bat haizatu zien zuzendariak –«zuzendari maiteak», esango zuen Amaia Ereñaga kazetariak– espetxearen parean hartu zuten lagun, senide eta lankideei: «Jubilatuta nago!»
Bidean topo
Agertu dira lorratza, Kantauri itsasoko zipriztina eta zut dirauen hesola, Artefaktuak zulatu duen behatxulotik 'Egin'-eko ale zaharrak orriztatzean, eta iraun dute gaur arte, demostratuz, biderik konpartitu ez arren, egindako bidean, nonbait, aurkitu daitekeela Jabier Salutregi Mentxaka. Oinordetza bizia da, Iñaki Soto GARAko zuzendariak esan bezala, «'Salu'-ren alaba harroak» dira, modu batera edo bestera, orain erredakzioan dabiltzan gazteak eta ez hain gazteak.
'Salu'-k ere esan zuen, Iñaki Altunak espetxean zela egin zion elkarrizketa sakon batean, horrenbeste maite zuen egunkaria –«munduko egunkaririk onena», bere esanetan– jada desagerrarazia zegoela: «Niretzat, oraindik 'Egin' bada. Ez zen». 'Salu' ere, oraindik bada. Bagara.