Oroimen historikoa akitzen hasia da?
«Zaila da memoria lantzea, jende aunitzek ez du arbasoen ardura ikusi nahi»
(Gorka RUBIO | FOKU)
Fernando Mikelarena Peñak hamabost historia liburu eta 160 artikulutik goiti idatziak ditu eta 2016an Euskadi Literatura Saria irabazi zuen “Sin piedad. Limpieza política en Navarra, 1936” saiakeragatik. Iaz literaturara egin zuen jauzi “Líneas de frontera” nobelarekin. Jarraian “Asesinato en la conspiración” argitaratu zuen eta orain, “¡Al rescate de Baroja”, Errandonea saileko hirugarrena, gerrako lehen egunetako gertakarien kontakizuna.
Zaragozako Unibertsitateko irakasle titularra da eta elkarte bat sortu du askotariko gaiei buruzko dibulgazio jarduerak egiteko. Horren barruan oroimen ibilbideak egiten ari da Beran uztailean eta abuztuan (izena emateko academiadelatorredelosalzate@gmail.com helbidera idatzi behar da).
Altzatetarren Dorrearen Akademia du izena elkarteak eta dorre batean sentitu gara elkarrizketa egitean, historialariaren etxeko terrazan, mendiei, Zia errekari eta herritarrei so, kafea eta galletak dastatuz bidaia historiko zirraragarri batean. Etorri nahi?
Altzatetarren Dorrea inguru honetan zegoen...
Pio Barojak erraten zuen dorrea zegoen inguruan egin zirela hiru etxe hauek, tartean gurea, Tantal baita. XVII. mendean Altzateko jaunak Berako sutean parte hartu zuen Frantziako Armadarekin eta suposatzen dut mendeku bezala beratarrek dorrea bota izanen ziotela. Erreferentzia hori berreskuratu dut, ahantzia baitago. Bestalde, Barojak orain 110 urte argitaratu zuen “La leyenda de Jaun de Alzate” arrakastatsua. Txantxa puntu bat ere badu elkartearen izenak eta irudiak. Altzatetarrek otsoak zituzten armarrian eta nik ardi bat paratu dut parean.
Lehen jarduerekin ari zara. Memoria ibilaldiak egiten ari zara Beran, azken nobelako paisaietan. Zer moduz?
Ongi. Gauza bat da leitzea eta bertze gauza bat agertzen diren pertsonaiak non eta nola bizi ziren irudikatzea. Gainera, harritzekoa da bi aldeetako jendea nahasia bizi zela. Beti interesatu zait jendea non bizi zen begiratzea. “Dora Bruder” lanean, Patrick Modianok bere buruari galdetzen dio nola erreskatatzen ahal duen pertsona horren historia eta ohartzen da arrastoak bakarrik dituela. Aukera bakarra jende ezezagun eta ahantzi horri bizi bat imajinatzea da.
Berako kasuan iturri historiko pila bat maneiatu ditut. Adibidez, barojatarrek argitaratutako oroimenak eta Santos Etxeberria beratarrak Jose Miguel Barandiarani emandako txostena. Berako Udaleko artxiboko dokumentazio guztia ere baliatu dut eta bertze iturri garrantzitsu bat sumario militarrak izan dira.
Eraildako baten birbiloba, Ezequiel Garcia Rodrigorena, Berara etorri zen orain hamar urte, bere birraitatxi non lurperatua zegoen jakin nahian. Ez nuen aurkitu, baina non bizi izan zen erakutsi nion. Bere alaba Ismael Garcia Hernandorekin esposatua zegoen. Karabinero ezkertiar bat zen, bera izan zen kuartelean tenientearekin eztabaidatu zuena. Errepublikaren alde kokatu zen, bertako karabinero guziak bezala. Liburu bat idatzi zuen Garcia Hernandok, “Memorias de mis años en prisión”. Cesareo Seminarioren eta Faustino Martinezen sumarioetan ere datu pila bat dago. Biak fusilatu zituzten. Informazio anitz biltzea gustatzen zait, ikuspegi ezberdinak izateko.
Kontraste hori egin duzu barojatarren idatziekin ere.
Horietan hagitz ongi ikusten da zein diren memoria pertsonalaren mugak. Beti dago baldintzatua, pribatua baita. Nik bi kontzeptu erabiltzen ditut: desmemoria eta ahanztura. Familia guztietan gertatzen da. Eta ezin da jakin erabaki kontziente baten ondorioz den ala ez. «Unos carabineros se amotinaron al teniente» aipatzen dute barojatarrek. Baina Endarlatsara 80 karabinero joan ziren. Aunitzek emaztea eta seme-alabak zituzten, eta Irungo frontean borrokan segitu zuten, baita Katalunian eta Madrilen ere. Egun bateko erabakiak izugarrizko ondorioak izan zituen beraientzat.
Gauza bera gertatu zitzaien Endarlatsara joan ziren Berako bost edo sei gazteri ere: Felix Rodrigo Solanilla, Ramon Balza, Esteban Pabolleta... Gehienak CNTkoak. Bitxia da halako gertaerek adierazten dutelako nola jokatzen duen jendeak. Batzuek momentu historiko gisa bizitzen dute eta bertze batzuk ez dira bere garrantziaz ohartzen. Aunitzi horren ondoren olatua heltzen zaie eta beharturik joaten dira gerrara. Berako kasua adierazgarria da, nola eraiki ziren memoria, desoroimena edo ahanztura.
Nobelan historia eta fikzioa harilkatu dituzu. Zein abantaila eman dizkizu horrek?
Nire ikerketa historikoetan beti izan dut kezka nagusi bat: edozein gauza aipatzeko gibelean dokumentu bat izatea. Ez dut ahantzia orain dela zazpi urte Del Burgotarren familiak paratu zidan kereila, nahiz eta azkenean ez zen deus ere gertatu. Nobeletan gauzak aipatzen ahal dituzu gibelean dokumentu zehatzik izan gabe, baina bai zantzuak. Bada bertze abantaila bat. Nire liburu historikoak nahiko ongi saldu badira ere, mardulak direla erran didate. Nobelak arinagoak dira eta bide bat izaten ahal dira memoria historikoa zabaltzeko. Biak osagarriak dira eta liburu historikoak argitaratzen ere segitzen dut. Iaz Eladio Espartzari buruzko bertze liburu bat atera nuen eta aurten berri bat plazaratuko dut, Nafarroako Diputazioak eta Iruñeko eta Tuterako udalek 36an izan zuten paperaz.
Memoria historikoarekiko interesa apaltzen ari al da?
Uztail honetan 90 urte bete dira 36ko Gerra hasi zenetik eta ez dut inolako oihartzunik ikusten. Orain dela hamar urte oihartzun handiagoa izan zuen eta orain dela hogei urte, gizarte osoan ez, baina zati handi batean oroitu zen. Liburuen salmentetan ere islatzen da interesaren apaltze hori. Faktore bat da gerrako seme-alabak jada desagertu direla. Nire hitzaldietan gazteenak 50 urte edo gehiago ditu. Memoria elkarteek ere, nahiz eta presentzia izan, ahuleziak erakutsi dituzte. Ez dute Memoriaren Legearen edukia baldintzatu eta ez dute deus handirik lortu Erorien Haranean eta Iruñeko Erorien Monumentuan. Gainera, memoria instituzionalizatzen bada, indarra galtzen du. Garbi ikusten da hori Nafarroan. Erorien Monumentuari bertze erranahi bat eman nahi diote, baina horretarako errelato oso bat behar da eta biktimak, biktimarioak, zergatiak eta ondorioak sartu behar dira. Nire ustez, hagitz zaila da hori egitea.
Zergatik?
Nafarroako gizartea hagitz tematia da horretan, jende pila batek ez du bere aitaren edo aitatxiren ardura ikusi nahi.
Nola jorratzen ahal da memoria eta lanketa horrek zer ematen ahal digun guri?
Ultraeskuina zabaltzen ari da Europa osoan. Zaragozako Unibertsitatean egiten dut lan eta orain dela urte batzuetatik sumatu dut nire ikasleen artean badaudela Voxi botoa ematen diotenak. Europan memoria historikoaren kudeaketa nahiko neurtua eta motza izan da nire ustez. Espainian, oztopo inportanteena Amnistiaren Legea izan da. Memoria historikoa jendea sendoagoa izateko erabiltzen dela aipatzen da, baina gero ultraeskuinak erabiltzen dituen argudioek arrakasta itzela dute.
Kazetari izan nahi zenuen arren, azken unean Historia ikastea erabaki zenuen eta orain dela hogei urte memoria historikoari heldu zenion. Zerk bultzatu zintuen?
Memoria historikoari buruzko nire lehenengo liburua Sartagudakoa izan zen. Aita eta bere aldeko familia kontrabandoan ibiltzen ziren. Izeba bat, Gloria Lopez, maistra errepresaliatua izan zen eta harreman oso estua izan nuen berarekin. Juan Zabaleta osabarekin ere bai. Beti izan dut interesa.
Nahiko ezkorra zara memoriaren kudeaketarekin, baina zure aldetik saiatzen ari zara.
Bai, baina gelditzen zaizkigun esparruak nahiko bazterrekoak direla iruditzen zait. Segitu behar da. Baina instituzionalki borroka galdu da.
Irailean udako ikastaro bat emanen duzu.
36ko Berako eta Bortzirietako gertaerak, Iturengo hiru fusilatuak eta Gazteluko hilketa ankerra, hiru gai horiek landu nahi ditut. Zona honetan gurutzatu ziren gerra, kontrabandoko sarea eta Endarlatsako gertaerak.